Izaki sexuatuak, askotarikoak; eta harro gaude

Erabiltzailearen aurpegia Eginaren Eginez eta Izanez 2021ko eka. 28a, 17:40
Marsha P. Johnson / Wikipedia

"Dibertsitate guztiek harrotasunaren egunean tokirik ez badute, ez dago hori ospatzeko eta aldarrikatzeko benetako arrazoirik"

Ekainaren 28 honetan, LGTB+ kolektiboen borroka sozial eta politikoa gogoratu, omendu eta ikusarazteko nazioarte mailan aukeratutako egunean, Eginaren Eginezek, Desgaitasun fisikoa duten Arabako pertsonen elkarteak, eta Izanezek, Askotariko Sexualitateen Arretarako Euskal Elkarteak, honako hau adierazten dugu:

LGTB+ kolektiboen eta horiek osatzen dituzten pertsonen lana eta borroka aitortzen, errespetatzen eta eskertzen dugu, sexu-aniztasuna ikusarazteagatik eta aitortzeagatik, eta LGTB+ pertsona guztiek askatasunean bizitzeko, garatzeko, kudeatzeko eta adierazteko duten eskubideagatik, isekarekiko, diskriminazioarekiko, bazterketarekiko edo indarkeria-mota ororekiko tentsiorik, ezinegonik edo beldurrik gabe.

Babestu egiten ditugu ahalduntze pertsonalaren eta kolektiboaren adierazpenak –intolerantziaren, inposizioaren eta giza aniztasuna isilarazi eta ezabatzeko ahaleginen aurrean–; izan ere, 1970. urtetik, Stonewalleko gertaeren lehen urteurrenetik, ekainaren 28an, mundu osoko kaleak hartzen dituzte, "LGTB+ harrotasunaren egunean". Gogoratu, gainera, 1969ko aitzindari horietako batzuk desgaitasun organikoak dituzten edo desgaitasun-egoeran dauden pertsonen kolektibotzat ere hartu direla, hala nola Marsha P. Johnson, emakume transexuala, LGTB+ aktibista nekaezina, eta GIBaren desinformazioaren eta hedapenaren aurkako borrokalaria.

"Gizarteak gure kolektiboko pertsonekiko duen ezjakintasunak eta begirunerik ezak mitoak, aurreiritziak eta jokabide onartezinak zabaltzea eragiten du"

Gaur, hain zuzen ere, adierazi nahi dugu desgaitasun organikoak dituzten eta desgaitasun-egoeran dauden pertsonak sexu-dibertsitatea munduko gainerako biztanleen modu berean bizi dugula eta prebalentzia berarekin agertzen dela. Are gehiago, duela gutxi egindako ikerketek ondorioztatu dute LGTB+ aitortu den biztanleriaren %30, gutxi gorabehera, desgaitasun-egoeran dauden disfuntzionalitate organikoak dituen pertsonatzat ere hartzen dela, eta LGTB+ pertsonek desgaitasun-egoerak eragiten dituzten faktoreak garatzeko arrisku handiagoa dutela.

Hala eta guztiz ere, gizarteak –erakundeek eta herritarrak, oro har– gure kolektiboko pertsonekiko duen ezjakintasunak eta begirunerik ezak mitoak, aurreiritziak eta jokabide onartezinak zabaltzea eragiten du, gure bizitzak –dimentsio sexuala barne– ekitatezko baldintzetan eta behar bezala garatzea zailtzen edo eragozten dutenak. Jakina, egoera hori konplikatu egiten da, bereziki, sexu-identitatea eta/edo desioaren orientazioa norma sozialak ezarritakoarekin bat ez datozenentzat.

Arrazoi horiengatik, uste dugu ekainaren 28a aldarrikapen eguna izan behar dela; LGTB+ kolektiboak, disfuntzionalitate organikoak/dibertsitate funtzionala duten pertsonenak eta bi eremuetako erakundeek pertsona guztien sexu-izaeren aitortza egin eta balioa eman behar diote, salbuespenik gabe. Izan ere, disfuntzionalitate organikoak/dibertsitate funtzionala duten pertsonak izaki sexuatuak eta askotarikoak gara, eta harro gaude, eta eskubidea dugu hala ikusarazteko eta adierazteko, bai eta beharrezko baliabideak izateko ere, gure dimentsio sexualaren errespetua, kontsiderazioa eta garapen askea gauzatzeko.

Dibertsitate guztiek harrotasunaren egunean tokirik ez badute, ez dago hori ospatzeko eta aldarrikatzeko benetako arrazoirik. Horregatik, ezinbestekoa da desgaitasunaren/dibertsitate funtzionalaren esparruko pertsonen eta erakundeen eta LGBT+ komunitatearen konpromisoa eta lankidetza. Horrela baino ezingo ditugu amaitu herritarren sexualitatearen errealitatea eta duintasuna ikusezin bihurtzen eta ukatzen dituzten mitoak eta aurreiritziak, sexu-aniztasunaren adierazpen guztien errespetua eta balioespena lortuz.

 

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide