Urtaranek etxegabetzen du, etxebizitza eskubidea guztiontzat!

Erabiltzailearen aurpegia Etxebizitza Eskubidearen aldeko eta Bazterkeriaren kontrako Ekimena 2021ko eka. 9a, 10:00

Olarizuko etxegabetzeak salatzeko protesta. / Argazkia: INOR EZ ETXERIK GABE

"Olarizuko kaleratzea ez da egun batean eman, hainbat urtez luzatu den ibilbidea izan da. Bizilagunekiko presioan eta eskubideen urraketan oinarritutako kaleratze prozesu gogorra izan da".

Ekainaren 8an, Olarizu hiribideko bizilagunen etxegabetze prozesua amaitutzat eman du Gasteizko Udalak. Auzoan gelditzen ziren bizilagunek haien etxeak utzi behar izan dituzte nora jo izan gabe, udal gobernuak ez baitie inolako etxebizitza alternatibarik eskaini. Auzora gerturatu diren hamarnaka udaltzain eta ertzainen presiopean, bizilagunak kalera atera behar izan dira haien gauzekin, azken egunetan Olarizu inguratzen zuen polizia kordoia zeharkatu ondoren.

"Auzoan gelditzen ziren bizilagunek haien etxeak utzi behar izan dituzte nora jo izan gabe"

Prozesua izan dela diogu kaleratze hau ez delako egun batean eman, hainbat urtez luzatu den ibilbidea izan da, bizilagunekiko presioan eta eskubideen urraketan oinarritutako kaleratze prozesu gogorra izan da.

Olarizuko auzokideak Gasteizko Udaltzaingoaren presiopean bizi izan dira azken urteotan: mehatxuak, etengabeko identifikazioak eta isunak jasan behar izan dituzte. Komunikabide batzuen jazarpena ere pairatu behar izan dute; okupa etiketapean karikaturizatu eta ez dituzte eskubidedun pertsonatzat tratatu. Udalaren aldetik oinarrizko eskubideen urraketa larria jasan dute, urteetan etxebizitza eskubidea lapurtzen saiatzeaz gain, duela urtebete baino gehiago ura izateko eskubidea ere kendu baitzien ur-iturria moztean.

Gaur komunikabideek auzoan pertsona gutxi gelditzen zirela esan dute, baina non daude beste bizilagun guztiak? Gizarte zerbitzuek, salbuespeneko kasu bakan eta berezi batzuk albo batera utzita, ez diete inolako etxebizitza alternatiba duinik eskaini. Olarizuko auzokide ohiek euren kabuz bermatu behar izan dute sabaia izateko eskubidea, eta kasu gehienetan okupazioa erabili dute, hau baita gaur egun etxebizitza eskubidea bermatzen dien tresna bakarra.

"Okupa etiketapean karikaturizatu eta ez dituzte eskubidedun pertsonatzat tratatu"

Baina Gorka Urtaranek gaur ez du auzokideen inguruan hitz egin. Alkateak gaur diruaren inguruan hitz egin du, Olarizun etxebizitza libreak eraikiz Udalak izango duen etekin ekonomikoaz aritu da komunikabideetan.

Duela astebete honakoa esan zuen etxegabetzeak publikoki jakinarazteko: "Esan eta egin. Olarizuko okupa ilegalei kaleratuak izango direla jakinarazten gabiltza. Egun gutxi barru burutuko da. Geroxeago birgaituko dugu eremu hori, hiriarentzat berreskuratzeko". Esan eta egin. Hiriarentzako Olarizu berreskuratzeak Udalarentzako etekin ekonomikoa irabaztea esan nahi du alkatearentzat.

Gainera, ekimen sozialetara bideratuko ez den dirua izango da, ziur aski. Ikusi besterik ez dago amaitu berri den etxegabetze prozesuaren ondorioa: Gasteizen bizilagun gehiago dago kale gorrian, eta diru gehiago dago Urtaranen poltsikoan; ez du ematen poltsiko horrek gasteiztar guztion beharrei erantzuten dionik. Benetan larria iruditzen zaigu udal gobernuaren jarrera. Bizilagun zaurgarrienak lagundu ordez, gorrotoz eta mespretxuz tratatu eta daukaten gutxi hori kentzen die.

Egoeraren larritasuna ikusita, hurrengo asteko asteazkenean, ekainaren 16an, 19:00etan Andra Mari Zuriaren enparantzatik Urtaranek etxegabetzen du, etxebizitza guztiontzat! lelopean antolatu dugun manifestazioan mobilizatzera dei egiten dugu.

Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago