Duela egun batzuk, Gasteizen, osasun publikoaren aldeko herritarren plataforma bat aurkeztu zen prentsaren aurrean. Bozeramaileek, kazetariek galdetuta, osasun zerbitzu zein zerbitzu soziosanitarioen erabiltzaile bezala definitu zuten beren burua; zerbitzu hauen hondatzeaz arduratuta eta, era berean, plantillak zaintzen ez dituzten eta hauen pribatizazioan aurrera geldiezin doazen sistema horien langile prekario gisa.
"Hunkigarria iruditzen zaigu pandemiaren eguneroko tsunami informatibotik haratago ikusteko gai diren pertsonak agertzea"
Hunkigarria iruditzen zaigu gizartetik bertatik pandemiaren inguruko datuen eta datu gehiagoren eguneroko tsunami informatibotik haratago ikusteko gai diren pertsonak agertzea, eta gai izatea guztiok inguratzen gaituen errealitatean fokua jartzeko: hau da, eskubide indibidual zein kolektiboen galeran, desberdintasun geroz eta larriagoetan eta guztion bizitzaren oinarrizko zaintzaren aurkako erasoetan, bai osasun alderdian zein sozialean.
Zalantzarik gabe, gaur egun bizitzen ari garena oraingo eta iraganeko erabaki politikoen ondorioa da, eta, horregatik, garrantzitsua da erantzuleak identifikatzea eta jokoan dauden interesak aztertzea; guztiontzako bizitza duina eta zaindua izateko eskubidearen aurrean, merkatu eta kapitalaren interesak aztertzea.
1986an Osasun Lege Orokorra onartu zenean, Espainiako estatuan oinarriak ezarri ziren pazienteak itun eta hitzarmen berezien bitartez pribatura deribatzea baimentzean, osasun sistema publikoetan enpresa pribatuen barneratzea ahalbidetuko zutenak. Gerora, 15/97 Legearen onarpenarekin beste urrats bat eman zen, bestelako kudeaketa motei bidea libre uzten ziena; hala nola, zentro publiko bat enpresa pribatuek kudeatzeari.
"EAJren edo PSEren eskutan egon den Eusko Jaurlaritzaren erabakiak pribatizazio prozesu etengabe bat izan dira"
Madrilgo erkidegoan esperientzia suntsigarria izan da. Diru publikoarekin eraikitako eta ondoren Esperanza Aguirreren kapital pribatuarekin kudeatutako ospitaleak izebergaren punta baino ez dira. Hainbat hamarkadatan zehar, PP osasun sistema publikoa husten joan da osasun enpresa handien irabazi kuota areagotzen joateko. Enpresa horietako asko, gainera, alderdiko gizonen eskuetan daude. Baina, pandemian zerbait agerian geratu baldin bada, adinekoen abandonua izan da, soilik mendekotasunaren negozio handira bideratutako egoitza eredu batean, zuzenbide estatu batekin bateraezinak diren zabarkeria eta deshumanizazio mailekin.
Baina erabaki politiko horiek ez dira Madrilenak bakarrik, ezta PPrenak ere. EAEn prozesua desberdina izan da, baina norabide berean joan da. Euskal osasun sistema publikoaren sorreraz geroztik, EAJren edo PSEren eskutan egon den Eusko Jaurlaritzaren erabakiak, Osakidetza altxortzat zuen eztei-bidaia labur baten ostean, pribatizazio prozesu etengabe bat izan dira.
1991n, zerbitzuak kanpora ateratzeko, koordainketarako eta osasun zerbitzuetarako hornidura eta finantzaketaren arteko zatiketarako proposamenen Abril txostena agitaratu zenean, gizartearen errefusa nabarmena izan zen, eta eztabaida politikoa baldintzatu egin zuen. Hala, ez EAJ, ez PSE, ezta PP ere, ez ziren alde agertzera ausartu, baina estrategia zehatzak hasi zituzten, eta 97an, konplexurik gabe, 15/97 Legea onartu zuten, gobernu autonomikoak legalki ahalduntzeko beren osasun zerbitzu publikoak pribatizatzeko.
"Pandemiak agerian utzi du zer eragin duen urteetan zehar emandako hustuketa finantzarioak eta asistentzia-gaitasunaren galerak"
Pandemiak agerian utzi du zer eragiten duen urteetan zehar emandako hustuketa finantzarioak eta asistentzia-gaitasunaren galerak, bai eta politika horiek pertsonen bizitzari eta osasunari dakarzkien ondorioak ere.
Izan ere, hainbestetan errepikatu izan den sistema pribatuen eraginkortasunak ez du osasun larrialdiaren kudeaketan lagundu; sistema publikoaren saturazioaren aurrean, aseguru pribatuak kontratatzea erabaki duten gizartearen hainbat sektoretan gehiago sartzeko aprobetxatu dute.
Baina, egoera honetan ere, osasun enpresa pribatuen esku-hartzea erabaki ez zutenen erantzukizun politikoa bilatu beharko litzateke, alarma egoerak ageri zuen bezala, ospitale publikoak arindu ahal izateko.
Ia urte eta erdi geroago, bizitza galeren balantzearekin eta gure inguruko herrialdeetan inoiz eman ez den pobreziaren hazkundearekin, gure agintariak kezkatuago ageri dira europar funtsen banaketarekin, eta ez hainbeste izurritea aztertu eta gu guztion bizitza duina eta zainketa bermatuko dituzten neurriak hartzearekin.
"Ezinbestekoa da lehen arreta ikusezina berreskuratzea eta osasun mentala lehentasun bilakatzea"
Osasun Publikoa Aurrera plataformak bere manifestuan gizarte bezala exijitu behar ditugun premiazko neurriak adierazten ditu. Ezinbestekoa da lehen arreta ikusezina berreskuratzea: berrantolatzea, baliabide eta finantzaketaz hornitzea, eta zaintza komunitarioaren funtsezko eginkizuna ematea.
Ezinbestekoa da, baita ere, osasun mentala osasun krisiaren ondorioak bere gain hartuko dituen lehentasun bilakatzea; eta, horretarako, pribatizatutakoa leheneratu egin beharko da, eta inoiz utzi behar izan ez lukeen komunitatean berriro txertatu.
Eta, azkenik, gizarte gisa, ezin dugu egoiliarren bizitza duina eta bertako langileen lan baldintza zuzen eta arautuak bermatzen ez dituen egoitza eredu bat mantentzen jarraitu.
Neurri hauek birpasatuz gero, argi ikusi dezakegu dena gobernuen borondate politikoaren menpe dagoela eta guk gizarte moduan dugun zeregina exijitzea eta mobilizatzea dela, lortu arte. Horregatik uste dugu mobilizazio soziala ezinbestekoa dela eta Osasun Publikoa Aurrera plataformak maiatzaren 22rako Gasteizko kaleetan deitutako manifestazioari gure babesa erakutsi nahi diogu.
Sinatzaileak: Nines Maestro eta Mati Iturralde.
Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.