Osasunarekin eta zaintzarekin lotutako zerbitzu publikoetako langile zein erabiltzaileek sortutako Osasun Publikoa Aurrera plataformak Arabako osasun publikoaren aldeko manifestua plazaratu du astelehen honetan, Gasteizko Plaza Berrian eskainitako prentsaurrekoan.
Gure lurraldeko sistema soziosanitarioaren egoera "kezkagarriaren" gakoak seinalatuz, osasun sistema eta ehun soziosanitario "publiko, unibertsal eta kalitatezkoa" exijituko dute maiatzaren 22an, 18:00etan Bilbo plazatik irtengo den manifestazioan. "Kalera aterako gara ziur gaudelako ez garela pandemia honetatik hobeto aterako pandemiaren aurretik egiten ziren gauza berdinak eginez", ohartarazi dute.
Dagoeneko 30 eragile baino gehiago atxiki dira manifestura eta mobilizaziora: hamahiru auzo elkartez gain, Arabako Pentsionistak Lanean plataforma, egoitzetako erabiltzaileen senideak biltzen dituen Babestu elkartea, Orain Ardura - AHTrik ez plataforma, Ongi Etorri Errefuxiatuak, Gasteizko Eskola Publikoaren aldeko Plataforma, hainbat guraso elkarte eta bestelako gizarte eragile batzuk.
Manifestuan gogora ekarri dutenez, 2020ko martxoan, Gasteiz azken hamarkadetako gertaera garrantzitsuenetako bat bizitzen hasi zen; Europako punturik beroenetako bat bihurtu zen Arabako hiriburua, Txagorritxu ospitalean atzemandako Covid-19aren agerraldi baten ondorioz.
"Ziurgabetasun une horietan, industria sektoreko enpresa batzorde batzuek edo Alde Zaharreko ostalariek erabakiak hartu zituzten; ekoizpena geldituz eta tabernak ixteko erabakiarekin, jendea zaindu zituztenak izan ziren", nabarmendu dute. "Erakundeak ausartzen ez ziren edo hartu nahi ez zituzten muturreko neurriak hartu beharra zegoen; herritarrak agintarien aurretik joan ziren".
Zaintza lana eta osasun arreta
Itxialdi garai hartan, auzokideen ekimen solidarioak sortu ziren, eta, hain zuzen ere, maiatzaren 22an hasi ziren osasun langileentzako txalo zaparradak balkoietan. "Ordura arte ikusezin bihurtutako ezinbesteko zaintza lana argitara atera zen", azpimarratu du Osasun Publikoa Aurrera ekimenak. "Pandemiak agerian utzi du zerbitzu sanitario eta soziosanitario publikoen egiturazko arazoak atzetik zetozela jada, politika austeriziden ondoren".
Ekimenaren sustatzaileen ustez, murrizketen ondorioetako bat da "Arabako herritarrei ematen zaien osasun arretaren murrizketa", eta San Martingo Etengabeko Arreta Gunearen itxiera 2019an "horren adibide bat besterik ez".
Lehen mailako arreta
Manifestuaren arabera, Arabako lehen mailako arretaren egoera "oso kezkagarria da, eta okerrera egin duela baieztatu du pandemiak".
Euren ustez, gaur egungo osasun ereduan ezarritako eta Osakidetzak garatutako "ospitale-zentrismoak" ospitaleen eremura bideratu ditu inbertsioen zati handiena, osasun zentroen kaltetan: "Aldi baterako itxierek eta telefono bidezko kontsulten ezarpen masiboak agerian utzi dute lehen mailako arreta kudeatzen dutenek ez dutela zuzeneko eta kalitatezko arreta emateko gaitasunik", salatu dute.
Osasun mentala
Bestalde, Arabako osasun mentaleko zerbitzua "desegite aurreratuan" dagoela deritzote. "Tamalgarria da, azken hamarkadetan atomizazio eta pribatizazio prozesuen ondorioz". Gainera, osasun mentalarekin lotutako zerbitzuak "funtsezkoak" direla ohartarazi dute, bereziki gaur egungo egoeran.
"Konfinamenduak, distantzia sozialak, askatasunik ezak, etxeratze-aginduak, isolamenduak, konpondu gabeko doluak, estutasunak, beldurrak, antsietateak eta abarrek bizilagun askoren arazo psikologikoak eta psikiatrikoak areagotu besterik ez dute egin", azpimarratu dute.
Pribatizazioa
Era berean, Osakidetzan, gizarte zerbitzuetan eta adinekoen egoitzetan pribatizazioa "etengabea" izaten ari dela kritikatu dute. Izan ere, erakunde horien zerbitzu ez-sanitarioak enpresa pribatuen esku geratzen ari dira: garbiketa, telefonia, mantentze-lanak, sukaldea edo garbiketa, besteak beste.
Espazio soziosanitarioak
Azkenik, espazio soziosanitarioei dagokienez, "gabezia larriak" salatu dituzte, bereziki egoitzetan: "Agerian geratu da osasunaren merkaturatzeak ondorio hilgarriak dituela sektore ahulenentzat. Erakundeek bermatu behar dute adinekoen eta behar bereziak dituzten pertsonen ongizatea; zerbitzu publikoek bermatu behar dute kalitatea, unibertsaltasuna eta pertsonen baldintza duinak bermatuko dituen zaintza sistema bat", aldarrikatu dute.