Ez gara cohousing bat, ez dugu izan nahi. Zergatik? Nahasgarria delako, izen beraren baitan kontrajarriak diren ereduak zabaldu daitezkeelako, ez duelako gure izana deskribatzen. Euskal Herrian martxan dauden proiektu guztiak jabetza kolektiboan eta erabilera lagapenean oinarritzen dira. Estatu mailan ere REASen barruan kokatzen den etxebizitza lantaldea cohousing-aren terminoa ez erabiltzearen aldekoa da; izan ere, cohousing-a egin liteke jabetza pribatuaren bitartez, eta hori ez da bultzatu eta proposatu nahi dugun eredua.
"Euskal Herrian martxan dauden proiektu guztiak jabetza kolektiboan eta erabilera lagapenean oinarritzen dira"
Gure ibilbidea hasi zenetik behin eta berriz errepikatzen ari bagara ere, azken asteetan Gasteiz mailan atera diren berriek eta politikari desberdinen adierazpenek eredu hau guztiz desitxuratzen dutela uste dugu.
Danimarkan andel eredua bezala da ezaguna, Uruguain etxebizitza kooperatibak dira, Suitzan ere etxebizitza kooperatibak dira eta Katalunian etxebizitza erabiltzaileen kooperatibak terminoa ari da zabaltzen. Cohousing-a entzuten dugunean, espazio konpartituak datozkigu burura, baina zabaldu nahi dugun ereduak baditu beste ezaugarri interesgarri asko.
Etxebizitzaren eskuratze eta kudeaketa komunitarioaz ari gara: jabetza kolektiboa da, une oro kooperatibarena. Kooperatibak egiten dio kide bakoitzari etxea erabiltzearen lagapena. Horri egiten zaio erreferentzia "erabilera lagapena" abizenarekin. Hasierako kuota bat dago kooperatibista izateko, eta hilero ordaintzen den erabilera kuota bat. Horrelako proiektu bat martxan jartzeko, birgaitzea izan daiteke aukera bat; edo eraikitzea.
Eraikina edo zorua bi bidetik lor daiteke: pribatu bati erosiz edo administrazioak utziz, azalera eskubidearen bitartez. Administrazioak 75 urtez zorua lagatzeko duen erreminta legala da azalera eskubidea. Kasu honetan, administrazioak lehiaketa publikoak egin ditzake sustatu nahi dituen proiektuak aurkez daitezen.
"Etxebizitzaren eskuratze eta kudeaketa komunitarioaz ari gara: jabetza kolektiboa da, une oro kooperatibarena"
Cohousing terminoa nahasgarria dela diogu, eta gure proiektua hala ez definitzearen aldekoak gara, kontraesankorrak diren ekimenak zaku berean sartzen direlako maiz. Izan ere, ez da berdina kooperatiba bat, jabetza pribatua, espazio konpartitua, kudeaketa pribatua…
60ko hamarkadan ohikoa zen gure hirian etxebizitza kooperatiba erregimenean eraikitzea; eraiki bai, baina eraiki ostean banaketa egiten zen eta jabetza pribatura pasa. Hortik aurrera, merkatu espekulatiboaren barruan mugitu dira 60ko hamarkadako etxe horiek guztiak. Gure apustuan, kooperatibak etxebizitzaren jabetza izaten jarraitzen du eraiki ondoren ere, eta eraikinaren kudeaketa bere gain hartzen du.
50eko hamarkadan abian jarri ziren Gasteizen tutoretzapeko apartamentuak. Zalantzarik gabe, ekimen interesgarria dira, baina gure inguruan ditugun eta 3. adineko proiektuetan parte hartzen duten pertsonek ekimenaren parte izan nahi dute; kudeaketa eta zaintza erabakien parte. Esan bezala, tutoretzapeko apartamendu gehiago eta egoitza gutxiago egongo balira, primeran, baina ez... ez da eredu berdina; batek ahalduntzean jartzen du indarra eta besteak delegatzean.
"Ez da eredu berdina; batek ahalduntzean jartzen du indarra eta besteak delegatzean"
Kudeaketa pribatuko cohousing-a ere aipatu da. Zaintza lanak negozio bihurtu dituzten horiek ote dira kudeaketa pribatuko cohousing-ak? Pandemia garaian aiton-amonak abandonaturik izan dituzten horiek? Telebista gela konpartitzea ote da orain cohousing-a?
Ikasle egoitzak loratzen ari direla ere aipatu da. Bertan espazio konpartituak dituzte. Egia da higiezinen agentzia askok hor ikusi dutela negozioa egiteko beste aukera bat, baina gu ez gara hortaz ari. Olarizu edo Astegietako etxeen padel kantxa konpartitzeaz ere ez gara ari, ez; hori ez da guk proposatzen dugun eredua, eta ezin dira zaku berean sartu.
Egia esan, gure proiektua Udalean azaldu dugunean harrera nahiko ona izan du. Dagoeneko lau urte pasa dira aurkeztu genuenetik, eta orain arte dena izan da hitz goxoak eta ekintza zehatz gutxi. Baina aitortu beharra dago pedagogia nahikorik ez dugula egin; ez baitugu lurzorua gure etxea eraikitzeko doan eskatzen.
"Ez dugu pedagogia nahikorik egin; ez baitugu lurzorua gure etxea eraikitzeko doan eskatzen"
Lurzoruak irabazi asmorik gabeko kooperatibentzat lehiaketa publiko bidez eskaintzea proposatzen dugu; erabili gabe, hutsik eta degradaturik dauzkaten lurzoruei edo eraikinei irteera bat ematea.
Noski, halako lehiaketa bat zabalduz gero, irabazi asmorik gabeko entitateei bideratua egotea eskatzen dugu; negozioa egiten duten higiezin agentziak sartzea, beste eredu bat bultzatzea litzateke. Lurzorua kooperatibak eskuratuz gero, kooperatiba da promozioaren gastuak ordaintzen dituena, eraikinaren kudeaketa egiten duena, eta, 75 urte pasata, lurzoru hori Udalarena izaten jarraitzen du. "Izaten jarraitzen du" nahita jarri dugu, ez diolako inoiz ere izateari utzi; erabilera egiten da, baina jabetza Udalarena da. Babes ofizialeko etxeetan ere hala izaten da, baina azken urteetan Jaurlaritza etxeen jabeei lurra saltzeko eskaintza egiten ibili da, eta ikasturte hasieran babes ofizialeko 500 etxe saldu zaizkio Gasteizen funts putreei. Hori da, gure ustez, ondare publikoa esku pribatuetara pasatzea.
"Lurzoruak irabazi asmorik gabeko kooperatibentzat lehiaketa publiko bidez eskaintzea proposatzen dugu"
Guk ez dugu jabetza eskatzen, erabilera da sustatu nahi duguna. Bestalde, estatuan egiten ari diren ezaugarri bertsuko lehiaketetan, tokian tokiko proiektuak izatea, jasangarriak, komunitate jarduera propioa, proiektu arkitektonikoa edota zerbitzuen nolakotasuna dira baloratzen ari diren irizpideak; tokian tokiko garapenean ez baita dena dirutan neurtzen.
Azalera eskubidearen bitartez gure proiektua aurrera eramateko aukera zegoela esan izan digutenean (zenbaitetan izan da), hainbat aukera aztertu ditugu. Kooperatibak berak, babes ofizialeko etxeak sustatzea ere izan da aukera bat, edota izaera mistoko proiektu bat garatzea. Guretzat ere nahasturak balio erantsia suposatzen baitu, eta diru sarrera desberdinak ditugun kideak elkartzen bagara, elkar laguntzeko sareak jostea errazagoa izaten da.
"Kooperatiba izango litzateke etxebizitza publikoa sustatuko lukeena, Udalaren lurzoru batean"
Horrek suposatuko luke kooperatiba izango litzatekeela etxebizitza publikoa sustatuko lukeena, Udalaren lurzoru batean. Auzokide antolatuek etxebizitza publikoa bultzatzeko aukera dago, eraikin edo lurzoru utziak birgaituz.
Interesgarria da, ezta? Etxebizitza sozialaren politiken barruan horrelako apusturik egin liteke? Edo pobreen eta ez horren pobreen eraikin ghettizatuak eraikitzea hobe da? Proiektuetatik eta erakunde publikoetatik neurriak hartuz, herritar guztientzat eskuragarria den eredua sustatu daitekeela uste dugu, hori da gure nahia.
Ekonomia sozialarekin konprometitutako eredu batez ari gara, gure kontsumo eta erabiltzen ditugun zerbitzuen bitartez balore etikoak dituen ekonomia sustatzeaz.
"Neurriak hartuz, herritar guztientzat eskuragarria den eredua sustatu daitekeela uste dugu"
Azken ezaugarri bat aipatu gabe ez genuke geratu nahi. Izan ere, eredu honek etxebizitza merkatu espekulatibotik ateratzea lortzen du; kooperatibaren estatutuen bidez eta lehiaketen baldintzen bidez lortzen da hori. Inork ezingo du etekinik atera etxebizitza horiekin. Etxe horiek erabiltzeko dira; ez dira inoren aurrezki, ez inoren ondasun.
Hori da, gure ustez, eredu honek duen balore eraldatzailea, komunitatea eta elkar zaintzarekin batera. Hori da gure eredua, eta hau ez du cohousing-ak azaltzen.
Erabilera lagapeneko etxebizitza kooperatiba gara, hori da sustatu nahi duguna eta ez beste ezer. Gurean eredu hau ez da ezaguna, eta ondo azaltzeko beharra ikusten dugu, nahi beste aldiz, nahastu ez gaitezen.
Bizikoopon etxebizitza kooperatibaren izenean, Aitor Korres eta Esther Garcia dira iritzi artikulu honen sinatzaileak. ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.