'Cohousing', 'coliving' edo betidaniko kooperatibak

Erabiltzailearen aurpegia Ana Oregi / Gasteizko alkateordea 2021ko ots. 27a, 10:00

Arg: Pixabay

"Cohousing-a aspaldian dago gure hirian, eta ez dago oztoporik eredua zabaldu dadin"

Bizi garen garaian, modek, etiketek, gauza berriek… berehalako erakarpena sortzen dute guregan, dirudienez, eta gogoeta handirik gabe gureganatzen ditugu, baina zer gertatzen da berritasun hori berez berria ez bada, eta, gure hizkuntzetarako eta kulturarako izen egokiagoekin bazen ere, gure artean izan badugu hainbat hamarkadaz?

Co-living edo elkarrekin bizitzeari buruz hitz egiten badugu, bizitegi-erabilera batez ari gara, non komunitatearen sena eta elkarrenganako laguntza eta sostengua indartzen baita.  Erabilerari dagokionez, etxebizitzez ari gara, eta horiek berez, tokia dute hirigintza-antolamenduan.

Orain, begira diezaiogun edukitze-erregimenari. Bada, bizileku-eredu honen barruan, gainerakoetan bezala, jabetza pribatua, publikoa zein kooperatiboa egon daitezke.

Azken hori, bi eratan ager daiteke: jabe-kooperatiba bat izan daiteke, edo, bizitegi-multzoaren jabe den kooperatiba bat, gero etxebizitzen erabiltzaileei apartamentuen erabilera pribatiboa lagatzen diena eta eremu erkidea kudeatzen duena. Era berean, ezin dugu alde batera utzi zer kudeaketa-eredu duen eraikinak, behin martxan dagoela. Kudeaketa-eredua pribatua, publikoa zein kooperatiboa izan daiteke.

Kontu horiek guztiak konbinatuta, konbinazio ugari ateratzen dira, eta, bitxia bada ere, badira hamarkadak haien adibideak ditugula geure hirian.

Hala, esaterako, 60ko hamarkadaz geroztik, ohikoa izan zen gure hirian etxebizitzak kooperatiba-erregimenean eraikitzea. 90ko hamarkadan, Cuerda alkateak 55 urtetik gorakoentzako tutoretzapeko apartamentuen eredu bati eman zion hasiera. Kudeaketa publikoko cohousing-a?

Operadore pribatuak hasi ziren sartzen eredu horretan: apartamentu pribatiboak eta eremu erkideak, eta eremu eta zerbitzu erkideen kudeaketa zentralizatua, pribatua, kasu honetan. Kudeaketa pribatuko cohousing-a?

"90ko hamarkadan, Cuerda alkateak 55 urtetik gorakoentzako tutoretzapeko apartamentuen eredu bati eman zion hasiera"

Erabilera pribatuko apartamentuz eta espazio erkidez osatu ikasleentzako egoitzak loratzen ari dira unibertsitate-hiri guztietan: cohousing al dira horiek?

Gaur egun, sistema berari jarraituko dion eraikin bat altxatzen ikusten ari gara. Kudeaketa pribatuko alokairuko cohousing-a?

Halaber, abian dira kooperatiba-erregimeneko zenbait sustapen, zeinak lurzoruaren merkatura sartu baitira euren proiektua aurrera eraman ahal izateko. Cohousing kooperatiboa?

Lurzorua doan lagatzeko eskatu digute noiz edo noiz, ekimen aitzindariak zirela argudiatuta, zenbaitetan. Bada, ekimen horiek ez dira inola ere aitzindari, eta inolako arazorik gabe gauzatu daitezke halako ereduak gure hirigintza-antolamenduaren barruan.

Ez dugu ulertzen zer arrazoi egon litekeen ondare publikoa oparitzeko erabilera pribatiboetarako. Kontua baldin bada etxebizitzarako sarbidea eskaintzea kolektibo jakin batzuei, gogoan izan behar da Udalak lankidetzan diharduela Eusko Jaurlaritza egiten ari den etxebizitza sozialen politiketan, eta horietan mota guztietako egoerak hartzen direla kontuan, cohousing-a sustatzea barne, betiere etxebizitza publikoetara sartzeko irizpide eta baremoak errespetatuta.

Jakitun gara, oso, ezberdinen arteko bizikidetzarako, tolerantziarako eta errespeturako hiriak duen benetako balio erantsia nahastura dela. Nahastura espazio publikoan gertatzen da, denentzat zabalik dauden gizarte-etxeetan, haietan edonor ongi etorria baita. Gure iritziz, espazio publiko horren alde egiteak izan behar du Udalaren jardueraren lehentasuna.

Hori kontuan hartuta, cohousing delakoa aspaldidanik dago gure hirian, eta ez dago oztoporik eredua zabal dadin.

Ana Oregi. Gasteizko Alkateordea eta Lurraldea eta Klimaren Aldeko Ekintza saileko zinegotzia

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago