In memoriam

Jesus Fernandez Naves, gure historiaren parte den bizitza bat

Erabiltzailearen aurpegia Juan Ibarrondo 2021ko ots. 28a, 09:30

Martxoaren 3ko sarraskia salatzeko manifestazio bat, 1976an. / MEMORIA GARA

"Martxoaren 3 honetan, manifestazioaren ondoren, Jesus Fernandez Navesen lagun talde batek omenaldi txiki bat egingo dugu haren omenez, eta ekitaldi horretara zuek gonbidatzea gustatuko litzaiguke. Kaleetan ikusiko dugu elkar".

Historiak eta historiak daude. Irabazleen Historia, zientziaren letra larriekin eta jakintzaren hegemoniarekin markoztatua. Eta garaituen historia: izan ez zena, baina izan zitekeena eta etorkizunean ere izan daitekeena.

Bera kosifikatuz konta daiteke historia, bere ahalmen askatzailea kenduz; ala memoria biziak eraiki. Memoria hegemonikoak edo erresistentzia-memoriak.

"Mundua astindu zuen belaunaldi baten onenaren adierazle argia da Jesus Fernandez Naves"

Jesus Fernandez Navesen historia, zalantzarik gabe, bigarren horietakoa da. 1976ko martxoaren 3ko grebetan Gasteizen izan zuen rol protagonikoa justizia sozialaren aldeko borrokari eskainitako bizitza osoaren klimaxa da.

Pertsonalaz, lagunaz, maisuaz, bere irribarre samurraz eta hitzen argitasunaz desarmatzen zintuen pertsonaz haratago... aurreko mendearen bigarren zatian mundua astindu zuen hirugarren (*) proletario eraso handiaren protagonista izan zen belaunaldi baten onenaren adierazle argia da Jesus Fernandez Naves.

(*) Lehen eraso proletario handia XIX. mendean gertatu zen, 1871n Parisko Komuna matxinatu zen arte; bigarrena 1917an Errusiako sobieten iraultzarekin eta Sobietar Batasunaren sorrerarekin.

Jesusek (Chusok, bere gertukoenek esaten zioten bezala), apaiz gazte bat zelarik, Asturiasko langile eta meatzari grebalarien alde egin zuen frankismoaren amaieran, eta horregatik erbesteratu behar izan zen Argentinara.

Buenos Airesko periferian, apaiz langileen mugimenduan parte hartu zuen nabarmen, matxinatuen hainbat mugimendutan hierarkia katolikoari eta patronalari aurre eginez, XX. mendeko 60 eta 70eko hamarkadetan Latinoamerikan piztutako mugimendu iraultzailearen berotasunean.

Handik, Jesusek erbestera jo behar izan zuen berriro, Argentinako heriotzaren eskuadroiek hiltzeko mehatxupean.

"Buenos Airesko periferian, apaiz langileen mugimenduan parte hartu zuen nabarmen"

Parisen ikusi genuen orduan, ikasle eta langileekin barrikada eta eztabaida konpartitzen, zeinek 1968an poliziari jaurtitzen zizkioten galtzada-harrien azpian mundu berri baten hondartza dagoela ziurtatzen zuten.

Ordurako sekularizatuta zegoen jada, eta Gasteizera iritsi zen Carmen bizi eta aktibismo kidearekin batera, Euskal Herrian iraultza-prozesu baterako baldintza objektiboak (orduan esaten zen bezala) ematen zirela sinetsita.

Baina ez zen edozein prozesu iraultzaile Jesus Fernandez Navesek defendatzen zuena. Aldaketa erradikala zen aberastasunaren eta lanaren banaketan, bai, baina baita boterearen "banaketan" ere; mugimendu osotik at prozesu iraultzailearen urratsak eta helburuak erabakiko zituen abangoardiarik gabe.

Prozesu horrek, garai hartako mugimendu feministari esker, laster egiaztatu zuen botere horrek mesede egiten ziela gizonei emakumeen gainean, baita mugimendu iraultzaileen barruan ere.

Uste horien ondorioz, Gasteizen, asanblada izan zen 1976ko martxoaren 3ko mugimenduaren muina.

"Navesek zioen bezala, iraultza herriak egingo du ala ez da izango"

Fabrikako batzorde ordezkatzaileek, asanbladan hautatuak, borroka gidatu zuten. Eta berehala aliantzak ezarri zituzten ikasleen koordinadorarekin, hau ere modu asanblearioan aukeratua ikasketa-zentroetan; batzar barrialekin batera, eta laster, baita borroka haietatik sortutako emakumeen asanbladarekin ere.

Hori guztia gure memoria kolektiboren parte da, eta, zalantzarik gabe, eragina izan du ordutik orain arte gure lurraldean izan diren borroka moldeetan eta zerumuga emantzipatzaileetan.

Baina, agian, garrantzitsuena etorkizunean ere hala izan daitekeela jabetzea da, etorkizun ilun batean, non ekintza batasuna, klase elkartasuna eta antolaketa forma horizontalak berriro sortuko diren, bidea argitzen duen argi-eztanda batean bezala. Izan ere, Navesek zioen bezala, iraultza herriak egingo du edo ez da izango.

Lehen aldiz Jesus bertan izango ez den Martxoaren 3 honetan, Gasteizko kaleak urtero zeharkatzen dituen manifestazioaren ondoren, Foru Plazan, Jesus Fernandez Navesen lagun talde batek omenaldi txiki bat egingo dugu haren omenez, eta ekitaldi horretara zuek gonbidatzea gustatuko litzaiguke. Kaleetan ikusiko dugu elkar.

Sinatzailea: Juan Ibarrondo, idazlea eta 'Vitoria 3 de marzo' filmaren gidoilaria. Itzulpena: Arabako ALEA

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago