Nola bizi da Araban bigarren euskaraldia?

Erabiltzailearen aurpegia Goiatz Urkijo/ Arabako Euskaraldiko Koordinatzailea 2020ko aza. 1a, 12:00

"Gure hizkuntza erabilerarako inertziak astintzeko aukera izango dugu aurten ere"

2019an hasi zituzten Arabako hainbat herri batzordek Euskaraldiaren bigarren edizioaren prestaketa lanak, zenbait egunetako ariketa soziala bi urterik behin egiten bada ere, antolakuntza onak lan jarraia eskatzen baitu. Horrez gain, batzorde eta boluntarioen eragiteko gogoari segida ematea oso garrantzitsua dela ikasi genuen lehenengo edizioan. Hala, pixkanaka, eskualde eta kuadrilla guztietan sortu dira antolakuntza batzordeak, Euskaraldia gure lurraldeko herri eta auzo guztietan aurrera eramatea posible eginez.

Ordutik asko aldatu da gure gizartearen egoera, batez ere azken hilabeteetan. Izan ere, bigarren edizioa prestatzen hasi ginenean, inork ez zuen espero Covid-19ak sortutako baldintzetan egin beharko genukeenik ariketa.

Oztopoak oztopo, herri batzordeek azaroaren 20tik abenduaren 4ra izango den ariketa sozialaren aldeko apustua egin dute, ezohiko egoera honetara moldatzeko izugarrizko gaitasuna erakutsiaz. Horren isla izan da hilabete guzti hauetan egin duten eta egiten ari diren lana: herrietako entitate eta herritarrei Euskaraldiaren berri eman, tipologien prestakuntzarako tresnak zabaldu eta saioak eskaini, izen-emateak antolatu eta jaso, txapak eta ariguneen identifikagarriak banatu, etab. Lan honek guztiak xede nagusi bat du: ahobizi eta belarriprest tipologien azalpenean sakontzea herritarrek ariketan modu erosoago eta kontzienteagoan parte har dezaten. Ahobiziek, euskara ulertzen duten guztiei, beti, euskaraz egiteaz gain, ezezagunei lehengo hitzak euskaraz egingo dizkiete, eta ulertzen badute, euskarari eutsiko diote. Belarriprest izango dira euskara noiz eta norekin erabili aldiro erabakiko dutenak, nahiz eta haiei, beti, euskaraz egiteko eskatuko duten. Ikusten denez, rol aukeraketa ez dago euskararekiko aldekotasunari edo gaitasunari lotuta. Ariketaren hamabost egunetan izango dugun portaeraren arabera hartu behar dugu bat ala beste izateko erabakia.

Sarritan esan dugu herri batzordeak direla motorea, eta oraingoan, inoiz baino hobeto erakutsi dute. Nahiz eta ez den izango nahiko genituzkeen baldintzetan, gure hizkuntza erabilerarako inertziak astintzeko aukera izango dugu aurtengoan ere, helburu zehatz bati jarraiki: euskara gehiago, gehiagorekin eta gehiagotan erabiltzea. Izan ere, Euskaraldiaren praktika eguneroko harremanetan oinarritzen da eta egungo testuinguruan ere; argi daukagu Euskaraldiak eskatzen dituen urrats praktikoak emateko garaia dela. Garrantzi handikoa da ariketa sozialaren egunetan milaka herritarrek hizkuntz ohiturak aldatzeko emango dituzten urratsei jarraikortasuna ematea, praktika horiek denboran mantenduz gero, ohitura bihurtu daitezkeelako.

Arabako herritarrak gonbidatu nahi ditugu izena ematera, entitateetan ahal dituzten urratsak egitera eta batzordeetan parte hartzera. Euskaraldiaren arrakastaren parte bat batzorde, euskalgintza eta mota guztietako erakunde publikoen arteko elkarlanaren ondorio da, eta hori bera mantentzea ona litzateke, Araban zein Euskal Herrian.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide