"Inkomunikatuak eta ikusezinak"

Erabiltzailearen aurpegia Fevapas eta Euskal Gorrak 2020ko ira. 10a, 13:40
Tknika enpresaren maskara gardenak. / Tknika

"Maskara gardenak, haiek bakarrik soluzioa ez diren arren, ezinbestekoak dira pertsonen komunikazio-irisgarritasuna —hezkuntza arloan bereziki— bermatzeko"

Euskal Herriko pertsona gorren eta hauen familien federazio-mugimendutik —Fevapas (Aransgi, Aspasor eta Ulertuz) eta Euskal Gorrak (Pertsona Gorren Elkarteen Euskal Federazioa)— ikasturtea hastear dagoen honetan bizi dugun egoera tamalgarria eta onartezina eman nahi dugu ezagutzera ezinbesteko material-faltari —maskara garden homologatuak— dagokionez, ez soilik ikasle gorrak hezkuntza-ingurunean erabat murgiltzeko, baita gizartearen gainerako esparruetan –osasuna, esparru judiziala, aisia, etab.— entzuteko desgaitasuna duten pertsona guztiek dituzten eskubideak erabat egikaritzea, aukera-berdintasuna izatea eta irisgarritasuna erdiesteko ere.

Gure egunerokotasunean, pertsona gorrek komunikazio-hesiei aurre egin behar diegu esparru guztietan, baita normoentzuleek eta normoentzuleentzako pentsatuta egin den eta partzialki ikasle gorrentzako egokitzen den —zeinu-hizkuntzan eskudun diren laguntza-irakasleak ipiniz, eta komunikatzeko eta pedagogiako beste tresna batzuk erabiliz, adibidez, zeinu-hizkuntzaren interpreteak, baliabide teknologikoak...— hezkuntza-sistema bat barne hartuz ere. "Egoera berri" horretan, aurretik zegoen eskasiari, pandemiari lotutako neurrien gabezia propioak gehitu behar zaizkio.

Coavid-19aren ondorioz, maskarak, aurpegi-babesak eta manparak eraman behar ditugu eta segurtasun-distantziak errespetatu behar ditugu osasuna babesteko. Elementu horiek guztiek pertsona gorrak komunikazio-bazterketako egoera batera eramaten dituzte, eta beste behin ere bakandu egiten dituzte eta euren ingurunearekin eta gizartearekin oro har behar bezala jardutea eragozten diete.

Higiene-maskara edo kirurgiako maskara arrunta erabiltzeak, jada bazeuden komunikatzeko hesiak handitzea eragin du. Entzumen-seinalearen intentsitatea asko murrizten dute eta ezpainak ezin dira irakurri, hizketaren soinuak desitxuratuz, eta bai ikaskideekin bai irakasleekin informazio-galera izugarri handituz.

Gainera, ahoa eta aurpegiaren zati handi bat ezkutatzen dutenez, pertsona gorrak ezin dira ezpainak irakurtzeaz baliatu, ezta aurpegiko keinuek eta zeinu-hizkuntzaren aurpegiko osagaiek ematen duten informazioaz ere. Argi dago inkomunikazioko eta segurtasun faltako egoera horrek ondorio handiak dituela ikuspegi emozionaletik, pertsona gorren artean antsietate handia eraginez.

Martxoaz geroztik, gai honekin lotuta dauden sailek gure kolektiboaren eskaerei erantzun bat eman ziezaieten saiatu gara elkarte-mugimendu honetatik, maskara garden homologatuen eskuragarritasun-baldintzei loturik. Hilabete hauetan, Hezkuntzako LHko Sailburuordetzaren mendeko Tknika ikerketa-zentroak hainbat hedabidetan iragarri du epe laburrera maskara garden horiek edukitzeko aukera egongo zela.

"Garapen autonomoa eta geure funtsezko eskubideen errespetua bermatuko dituen zeharkako estrategia baten inguruan sentsibilizatzen, informatzen eta lanean jarraitu behar dugu"

Maskara garden homologatu horiek ez dira pertsona gorrentzat, euren solaskideentzat baizik: irakasleak, ikaskideak, familia, osasun-langileak...

Proiektu aitzindari batek dituen zailtasunez jabetuta, elkarte-mugimendu honek Tknika zentroaren ikerketa-ahalmenean eta Hezkuntza Sailak proiektu horri emango zion babesean jarri du konfiantza osoa, funtsezkoa baita ikasle gorren hezkuntza- prozesurako, prozesu emozionalerako eta sozialerako. Kalitatezko hezkuntza jaso ahal izateko, erabateko eskuragarritasuna eta segurtasuna bermatuz, gainerako ikasleen baldintza berberetan. Hala eta guztiz ere, oraingoan ere, ikasle gorren hezkuntza- eskubideak zalantzan garatzen dira eta iruzur egin digutela sentitzen dugu.

Hala, existitzen ez diren maskara garden homologatuen erosketarekin konpentsatu nahi izan dute gabezia hori. Orain arte ezagutu eta probatu ditugunek ez dute funtzionatzen:

Ez dira transpiragarriak, erraz lausotzen dira, ez dira arnas-hesiak, kautxuzkoak dira, oso gutxi irauten dute eta garestiak dira... Hasieratik proiektua gauzaezina zela esan baligute, beste soluzio batzuk —partzialak agian— bilatzen ahaleginduko ginen buru-belarri, pertsona gorren eta, bereziki, ikasle gorren komunikazio-irisgarritasuna errazteko.

Covid-19arekin lotutako premia guztiei buruz Hezkuntza Sailak egindako argitalpen guztiek kolektibo "ahulenei" erantzuteko beharra azpimarratzen dute; hala ere, gure kasuan, ez dituzte kontuan hartu ikasle gorrek eskolan aurkitzen dituzten komunikazio hesiak, ezta egoera horiek guztiek ikasle horietako bakoitzarengan izango dituzten ondorioak ere.

Badakigu maskara gardenek ez dituztela integrazio-arazoak eta pertsona gorrek aurre egin behar dizkiegun komunikazio-hesiak konponduko; eta garapen autonomoa, herritartasun osoa eta geure funtsezko eskubideen errespetua bermatuko dituen gure arretarako zeharkako estrategia baten inguruan sentsibilizatzen, informatzen eta lanean jarraitu behar dugu. Hala ere, maskara gardenak, haiek bakarrik soluzioa ez diren arren, ezinbestekoak dira pertsonen komunikazio-irisgarritasuna —hezkuntza arloan bereziki— bermatzeko.

Eskoletara itzultzeko bezperan ikus dezakegu ikasle gorrak, bereziki, eta entzumen-gabezia duten pertsonak, oro har, erabat baztertuta sentitzen direla euskal erakunde publikoen jarreraren aurrean.

Prozesu etsigarri honen ondoren, egoerari berehalako irtenbideak bilatzea exijitzen dugu, baita eskolaren ingurunean ikasle gorrek komunikatzeko dituzten hesiekin lotutako maskara garden homologatuen eta beste neurri batzuen (NBEak) inguruan hartuko diren neurriak jendaurrean azaltzea ere.

 

 

 

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide