Etxebizitza Eskubidearen aldeko eta Gizarte Bazterkeriaren aurkako Ekimena osatzen dugun pertsona, gizarte mugimendu eta sindikatuok bat egiten dugu familiaren eta lagunen minarekin. Izan ere, XXI. mendeko euskal gizarteak ez du oraindik gainditu gizarte-bazterketako egoerarik handienetako eta gogorrenetako bat: kalean bizitzea, etxerik ez izatea. Era berean, gogoratu nahi dugu kalean lo egiten duen jendearen bizi-itxaropena 20 urte txikiagoa dela.
Gizarte Zerbitzu eta Gizarte Politiken inguruko Dokumentazio eta Ikerketa Zentroak (SIIS) egindako ikerketa baten arabera, 2018. urtean, Araban, 325 pertsona egoitza-bazterketa egoera larrian zeuden; 133 emakumeak ziren. Hau da, segurtasun, intimitate eta osasun baldintza minimoak betetzen duen ingurune baterako eskubidea ez daukaten 325 pertsona. Zenbaketatik at geratzen dira bidean dauden migratzaileak eta errefuxiatuak.
"2018. urtean, Araban, 325 pertsona egoitza-bazterketa egoera larrian zeuden; 133 emakumeak ziren"
Gasteizko Udalak berak emandako datuen arabera, duela hamar egun baino ez, maiatzaren 8an, 43 pertsonek Lakuako frontoian egiten zuten lo, eta beste 11k Pio Barojako gimnasioan. Hauek guztiak udal-baliabideetan modu egonkorrean artatuak diren ehun pertsonei gehitu behar zaizkie, hala nola CMAS, Aterpe, Casa Abierta edo Arquillosen erabiltzaileak direnak, hain zuzen ere.
Pertsona horiek frontoi edo gimnasioetan sartu aurretik, beste ekintza zentzugabe batean, udaltzainek kalean zeuden pertsonak identifikatu zituzten, ezin baitzuten egun osoa udal-baliabideetan igaro.
Baina kalean bizi diren pertsonez gain, badira etxerik ez duten beste asko: egoitza-zerbitzuren batean bizi direnak edo gutxieneko baldintza gomendagarriak betetzen ez dituzten etxebizitzetan bizi direnak. Guztira, Euskadin, XXI. mendean, 2.000 pertsona inguruk ez dute non bizi. Horien artean, ezin ditugu ahaztu Olarizuko udal-etxebizitza abandonatuetan bizi diren bizilagunak, ehunetik gora; 20 baino gehiago adingabeak dira eta higiene minimoa mantentzeko ezinbestekoa den ura ere eskuratu ezin dutenak.
"Ez al dago gaitasunik gure lurraldean ehun pertsona baino gehixeagori baliabideak emateko?"
Bizi garen sistema sozio ekonomiko honek egiturazko fenomenoa du gizarte-bazterketa, modu larrian eta goranzkoan erreproduzitzen duena. Etxegabetasunak, zehazki, bere horretan jarraitu du azken urteetan, pertsonak baztertu eta ukatu egiten dituen sistemaren bidegabekeriak elikatuta. Horregatik, etxerik ez duten pertsonetan jarri nahi dugu arreta, baina batez ere, etxebizitza eskubidea bermatzen ez duten instituzioen jokabidea da jarri nahi duguna mahai gainean.
Ez al dago gaitasunik gure lurraldean ehun pertsona baino gehixeagori baliabideak emateko, prekarietaterik okerrenean jarrai ez dezaten? Horrela ulertzen al dute Gorka Urtaran jaunak eta Ramiro González jaunak Auzolana?
Gasteizko Etxebizitza Eskubidearen aldeko eta Gizarte Bazterkeriaren aurkako Ekimenetik, Gasteizko Udalari eta Arabako Foru Aldundiari eskatzen diegu ahalegin guztiak egin ditzatela gure hirian eta gure probintzian pertsona guztiek etxebizitza eskubidea bermatuta izan dezaten. Hala egin genuen ere, joan den azaroaren 15ean, EAJ, PP eta PSEren botoei esker atzera botatako mozioa aurkeztu genuenean, Gasteizko Udaleko Osoko Bilkuran. Eta berriro ere, pertsona guztiei arreta duina eskaintzeko beharrezkoak diren plazak sortzea eta bizitegi-baliabideak martxan jartzea exigitzen dugu.
"Begirada zabal dezatela eskatzen diegu herritarrei, ikusezin bihur ez ditzatela etxerik gabeko pertsonak"
Era berean, etxerik gabeko pertsonei zuzendutako begirada zabal dezatela eskatzen diegu herritarrei, ikusezin bihur ez ditzatela etxerik gabeko pertsonak. Pertsona gisa aitortzea, herritar gisa, beren eskubideak eta duintasuna aitortzea. Era berean, inoiz gertatu behar ez lukeen eta ikusi nahi ez dugun baina gertatzen ari den egoeraren salaketarekin bat egitea ere eskatzen diogu euskal gizarteari.
Yolanda hil den egoeran inork ez luke hil behar eta.
Horregatik, lerro hauetatik salatu nahi dugu joan den asteazkenean gertatutakoa bezalako heriotzak ezkutatu egiten dituztela Administrazioek. Egoera tamalgarriaren aurrean itsu lanak egiten duten Administrazioak, alegia; eta pertsona guztiek behar eta merezi duten arreta bermatzen ez dutenak.
Etxebizitza Eskubidearen aldeko eta Gizarte Bazterkeriaren aurkako Ekimenak sinatutako iritzi artikulua.