Emakume bat hil da Gasteizko Udalak etxegabeentzat prestatutako frontoian

Erabiltzailearen aurpegia Zigor Oleaga 2020ko mai. 18a, 13:12

Heriotza gertatu den etxegabeentzako udal zentroa. / Argazkia: DOS POR DOS.

ARGIAk jakin ahal izan duenez, 42 urteko Y. V. A. gasteiztarra asteazken goizean hil zen Gasteizko Udalak etxegabeentzat prestatutako zentroan, ohean zela. Bere kideek tratu desegokia salatu dute.

Gasteizko Udalak eta zentroa kudeatzen duen Gurutze Gorriak ARGIAri adierazi diote "heriotza naturala" izan delako ez dutela horren berririk eman. Hildako emakumearen zentroko kideekin harremanetan jarri da hedabide hau eta salatu dute heriotzaz "hitz erdirik" ez aipatzeko esan dietela. Salatu dute ere oso gaixo zegoela eta zentroan ez duela beharrezko arreta medikurik jaso: "Ikusten zen gertatuko zela". Azken ospitaleratzea hiru egun lehenago izan zuen, iktus baten ondorioz.

Asteazken goizean emakume bat hil zen Gasteizko Udalaren ardurapeko etxegabeentzako zentroan, Lakuako frontoian, ARGIAk jakin ahal izan duenez. Zentroa konfinamendua hastean ireki zuen udalak, kalean lo egiten zuten etxegabeak hartzeko, eta Gurutze Gorriak kudeatzen du. 42 urteko pertsona hil zenetik 48 ordu baino gehiago igaro ondoren, ez dago heriotzaren jakinarazpen ofizialik. ARGIA zentroaren erabiltzaileekin jarri da harremanetan, eta heriotza baieztatu diote.

Asteazkenean hil zen Y. V. A. goizeko 10:00ak inguruan. "Lagunekin margotzen ari zen, ohera joan zen etzatera eta ordu erdira hilik zegoen", dio zentroko erabiltzaile batek. Udaleko hiru pertsona, poliziak eta forentseak agertu ziren, eta ordu pare baten ostean eraman egin zuten gorpua.

Albiste hau ARGIAk argitaratu du eta Creative Commons by-sa lizentziari esker zati bat ekarri dugu ALEAra. Zigor Oleagaren jatorrizko albistea eta informazio osatuagoa hemen dituzu ikusgai.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago