Sallurtegi adinekoentzako egoitzako psikogeriatria-solairuan bizi diren adineko pertsona batzuk Zadorra adinekoentzako egoitzara eraman dituztela eta, solairuko eta eguneko zentroko langileok adierazi nahi dugu ez deritzogula egoki Gizarte Ongizaterako Foru Erakundeak hartu duen erabaki horri, honako arrazoi hauengatik:
- Denbora batez material-eskasian lan egin dugu (zabor-poltsez egindako mantalekin, beste mantaletako gutxiago gastatzeko…), beharrezko irizten genionaren atzetik zeuden protokoloekin (maskara kirurgikoak sintomak agertu aurretik…), PPF2 eta PPF3 maskarak norbait diagnostikatuta zegoenean, oinetako babesik eta babes-txanorik gabe… Etengabe aldatzen ari ziren irizpideekin. Argi genuen pertsonak direla, eta egoera berriari aurre egin behar geniola.
- Kostatu zaigu antolatzea, eta egunez egun gainditzen ari ginen. Pertsona horiek beren ohiko bizilekuan tratatzen ari ginen (hemen bizi baitira), bere geletan isolatuta, eta, behar dituzten ohiko zainketez gain, egoerak eskatzen zituen zainketa bereziak ematen genizkien.
- Agindua gaur goizean eman dute (2020/04/01), 08:00etan, eta egoiliarrak 11:00etarako prest egotea nahi zuten: hori ezinezkoa zen, kontuan izanda zenbat denbora behar den egin beharreko guztia egiteko. Azkenean, bazkaldu baino ordubete lehenago eraman dituzte.
- Gure ustez, erabakiak eragindako egoera gizagabea da, eta ez zen beharrezkoa. Izan ere, psikogeriatria-solairu honetan gehienak isolatuta daude bere geletan, COVID-19ren sintomak baitituzte edo diagnostikatu baitzaizkie, eta zainketak pertsonalizatua izaten jarraitzen zuen.
- Bere erreferentzia-ingurunean daude; erreferentziako langile gehienak haiekin ohituta daude, eta badakite bakoitzak zer izaera duen, zer behar berezi dituen, noiz dagoen ondo eta noiz ez. Ezagutzen gaituzte, dementziak jota dauden arren: konfiantzako esparru bat eratu da, eta hori ez da hautsi, ezta gure astronauta-jantziekin artatzen genituenean ere. Gure ahotsak, gure mugimenduak, gauzak egiteko moduak… betikoak dira, eta horrek lasaitu egiten ditu.
- Ez dugu ulertzen zergatik jarraitzen duen hutsik eguneko zentroak, adinekoak isolamenduan hartzeko prestatuta, nahiz eta oraingoz hura erabiltzeko beharra ikusten ez genuen.
- Gure iritziz, solairu bat langile berriekin antolatzeak eta hainbeste egoiliar batera iristeak izugarri zailtzen du langileen lana, eta, hala, egoiliarrei ezin zaizkie eman orain arte eman zaizkien zainketak, bai aipatutako arrazoi horiengatik, bai langileek egin beharko duten gehiegizko esfortzuagatik; eta, horrez gain, kontuan hartu beharko da solairu berrian zer baldintza material aurkituko dituzten.
- Erabakiak ezintasuna, haserrea eta tristura sentsazioa utzi digu langileoi.
- Esan nahi dugu gure ustez lehentasuna eman behar zaiola gizarte honetan egoera ahulenean dauden pertsonak zaintzeari; azken batean, gu ere izango gara zaharrak noizbait.