Koronabirusa

"Zaintzaren kolapsora iritsi gara; ea nola ateratzen garen"

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2020ko api. 2a, 14:00
Rebeka Gonzalez de Alaizak Aguraingo Sallurtegi zaharren etxean lan egiten du.

Arabako adinekoen egoitzetan egoera larria da. Hala adierazi dute azken asteetan bertako langileek zein senideek, eta Arabako Gizarte Ongizateko Institutuaren planifikazio eta erantzun falta salatu dituzte. Rebeka Gonzalez de Alaiza erizain laguntzaileak azaldu du babes nahikorik gabe ari direla lan egiten egoitzetan.

Aguraingo Sallurtegi adinekoen egoitzan erizain laguntzailea da Rebeka Gonzalez de Alaiza (Erroeta, 1969). Diputazioaren Gizarte Ongizate Foru Institutuaren planifikazio falta eta inprobisazioa salatu ditu; eta Norberaren Babeserako Ekipoak (NBE) exijitu ditu zaharren etxeetan lanean ari direnentzat: "pertsona zaurgarriekin lan egiten dugu, babestuta egon behar gara ez kutsatzeko".

Nolakoa izaten ari da lan jarduera egoitzan?

Oso nekatuta gaude, baina indarrez. Zaldiko- maldiko bat izan da hasieratik. Ez genekien nola jokatu, aginduak ez ziren argiak ezta oso esplizituak ere. Protokolo bat dago baina informazio falta izan da eta oso kezkatuta egon gara. Maskarak, adibidez, soilik kasu positiboak egonez gero ematen zizkiguten, eta ez zituzten testak egiten. Iragan astean hasi dira testak egiten, baina soilik isolatuta dagoen jendeari. Pixkanaka- pixkanaka ari gara hobeto moldatzen, baina materiala falta da.

"Adinekoak gertu-gertutik zaintzen ditugun pertsonak gara, baina badirudi bigarren mailakoak garela"

Zenbat adineko eta langile daude kutsatuta bertan?

Hiru positibo eta hamaika adineko isolaturik daude sintomak dituztelako, eta bost lankidek baja hartu behar izan dute koronabirusaren sintomak dituztelako –martxoaren 28ra arteko datuak dira; jada Zadorra egoitzara eraman dituzte kutsatutako adinekoak–.

Zer behar duzue?
Oso pertsona zaurgarriekin egiten dugu lan eta ezinbestekoa da babestuta egotea, adinekoak kutsatzeko gai garelako. Norberaren Babeserako Ekipoak behar ditugu. Maskara kirurgiko oso gutxi ditugu, pixkanaka ekartzen dizkigute; eta langile bakoitzak sobre batean gorde behar du bere maskara, bere izenarekin, eta bost egunerako erabiltzen ditugu. Mantalak ere oso gutxi ditugu, eta galtzak eta txanoak ez ditugu.

Kezkatuta zaudete.

Jakina. Haserre gaude. Are gehiago, entzun genionean Arantza Tapia andreari esaten maskarak lortuko zituela fabrikak zabalik izan ahal izateko. Eta guretzat?

Lankide asko gaixotzen ari dira?

Bai. Hemen, Zadorran, Txagorritxun... Hainbeste denbora babes neurririk gabe normala da gaixotzea. Testak lanean gauden pertsona guztiei egin beharko zizkiguten, hori da lehen pausua. Gainera, Diputazioak adinekoen egoitzen datuen berri ematen duenean, aipatu beharko zuen ere zenbat langile dauden koronabirusarekin, zenbat dauden bajan.

Egoitza pribatuetan egoera are larriagoa ei da.

Pribatuetan langileak minimoen azpitik daude. Haiek are okerrago daude. Ezin dut burutik kendu nola egongo diren bertako egoiliarrak eta langileak.

Zaila da baldintza horietan lan egitea?

Nire ustez pertsonen zaintzan beharrezkoa den arreta oso ondo egiten ari gara, baina ez dago planifikaziorik; hasieran, niri egun batetik bestera esaten zidaten noiz etorri behar nuen. Egoitzetako langileen taldeak indartzeko ere presionatu behar izan dute, sindikatuen bitartez, eta horri esker erreserban zegoen jendeari deitzen hasi ziren. Hala ere, egun hauetan, Agurainen, indartu dute lantaldea, eta bi erizain laguntzaile gehiago eta bi erizain hartu dituzte, goizez ta arratsaldez. Gainera, esan digute, arratsaldez pertsona gehiago behar izatekotan, esateko.

"Ospitaleak gainezka ez egiteko aldaketak egiten ari dira. Eta, agerian ez uzteko zer hutsune dituzten"

Gertatzen ari diren aldaketa hauek guztiak nola hartzen dituzte adinekoek?

Kognitiboki dauden egoeraren arabera. Ondo daudenak konturatzen dira; eta konturatzen ez direnek ere sumatzen dute zerbait arraroa. Bat-batean ikusten dute hainbeste pertsona desberdin zentro berean... eta zoramena da. Aldaketak ez dute onik egiten. Gainera, Agurainen, senideak bisitan sarritan etortzen ziren, batzuk egunero, goizez eta arratsaldez, eta orain ezin dira sartu. Eta nabaritzen da ezinegona, urduri daude. Pena eta tristura ere nabaritzen zaie. Gu saiatzen gara bakoitzari berea ematen, banan-banan tratamendua ematen; saiatzen gara eta egiten dugu. Adinekoak ezagutzen ditugu, badakigu zer behar duten, nola jaten duten...

Baliteke Aguraingo adinekoak beste egoitza batzuetara eramatea?

Ez dakigu zer egingo duten. Ez dakigu ezer, ez dago informaziorik. Ospitaleak gainezka ez egiteko aldaketak egiten ari dira. Eta, halaber, agerian ez uzteko zer hutsune dituzten osasun aldetik eta menpekoen arretaren aldetik. Erakundeek bizitzaren merkantilizazio bat sustatu dute, eta orain zaintzaren kolapsora iristen ari gara; ea nola ateratzen garen hortik.

Hutsune guztiak agerian utzi ditu koronabirusak?

Ez da bakarrik gure egoera; orokorra da. Ataka honetatik atera eta gero planteamendu bat egiten hasi behar gara gizarte bezala, eta kontuan hartu eman den bizitzaren merkantilizazioa: zer da produktiboa izatea eta zer ez. Gure aitona- amonak bezala produktiboak ez direnak zer? Bestetik, eguneko zentroak itxi zirenean, norbaitek galdetu zuen nor arduratuko zen pertsona horietaz? Ez. Etxeetako emakumezkoak, ahal duten moduan. Eta aurreko astean, suhiltzaileak eraman zituen Ramiro Gonzalez diputatu nagusiak desinfekzioa egitera Arabako adinekoen etxeen kanpoaldera, eta bertan argazkia egin zuten. Irudi bitxia izan zen: egoitzen kanpoaldean denak gizonak, babeserako ekipoak jantzita, goitik behera, eta barruan emakumezkoak, inurri lana egiten, hala moduz. Txaloak bai, baina gero gizonena da baloratzen duten lana eta ikusgai jartzen dutena. Adinekoak gertu-gertutik zaintzen ditugun pertsonak gara, baina badirudi bigarren mailakoak garela; suhiltzaileak goitik behera babestuta joaten dira eta guretzat ezer ez.

 

 

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide