San Bizente ikastola: zurekin, gurekin, elkarrekin

Erabiltzailearen aurpegia Oiongo San Bizente Ikastola 2019ko abe. 16a, 12:56

Oiongo San Bizente ikastolaren sarrera. / Argazkia: San Bizente ikastola

Badirudi Oionen dagoen hezkuntza egoera denen ahotan dabilela azkenaldi honetan. Hori ez litzateke berri txarra izango hezkuntza hobetzeko asmorik balu azken xede, ikasle guztientzat onura eta inoren kalterako ez.

San Bizente ikastolatik, ordea, gure irudia gaiztotuta, manipulatuta eta motiborik gabe erasotuta ikusi dugu. Informazioa bide okerretik, ikuspuntu alderdikoi batetik eta guretzat ulergaitzak diren helburuekin erabili izan da.

"Gure irudia gaiztotuta, manipulatuta eta motiborik gabe erasotuta ikusi dugu"

Izan ere, guk beti eskaini izan dugu geure burua Oionen hezkuntzan dagoen arazoari konponbidea errazteko, eta inola ere ez, gu arazoaren parte edo kausa bagina. Horrela jokatu dugu oraingoan eta daramatzagun berrogei urteetan zehar ere bai.

Bestalde, jakinaren gainean gaude zer nolako bereizte edo segregazio egoerak pairatzen ari diren Euskal Herriko ikastetxe askotan, eta baita Oionen ere, eta gai honen inguruan, gure babesa eta errespetu osoa duzue.

Halere, hainbat alderdi politiko eta sindikatuetako ordezkarik San Bizente ikastola kritikatu dute, eta behin eta berriro hauxe errepikatu dute: itunpeko hezkuntza izatea eta kooperatibistek ordaintzen dituzten borondatezko kuotak direla segregazio honen jatorria.

Gu ez gatoz bat honekin inondik inora, horregatik orain azalduko dizuegu nola, zergatik eta zertarako den gure hezkuntza kooperatiba.

Ibilbidea

1979an guraso talde batek kooperatiba bat sortu zuen, San Bizente ikastola sortzeko. Oionen gure hizkuntza, euskara eta euskal kulturari buruzko kezkak eta premiak bazeudelako eta horiei erantzun nahi zitzaien.

Alde batetik, kooperatibista izateak badauzka eskubiderik eta, jakina, baita betebeharrik ere, edozein kooperatiba edo elkartetan bezala. Hau dela eta, gure ikastolan dugun borondatezko eta elkartasunezko izaeraz harro gaude, esan bezala, berrogeo urte daramatzagu euskara eta euskal kulturaren alde lanean.

"1979an guraso talde batek kooperatiba bat sortu zuen, San Bizente ikastola sortzeko"

Bestetik, gizarte lana ere bada, eta honi esker, Errioxa eta Nafarroako dozenaka ikasleri euskaraz ikasteko aukera ematen zaie, aukera paregabea ikastolari esker.

Kasu hauetan kooperatibisten gain doa garraioa, jangela, haurtzaindegia eta hainbat gastu, eta denak elkartasunez, gure kuotekin ordaintzen dira, hau baita, azken finean, kuoten helburua, eta ez beste bat.

Denok ulertu eta onartzen dugu hori kooperatibaren lanetako bat dela. Urte askoan horrela izan da eta horrela jarraituko du izaten.

Eusko Jaurlaritzaren finantziaketa

San Bizente Ikastola itunpeko hezkuntza kooperatiba da, beraz Eusko Jaurlaritzatik datorkio diru sarrerarik nagusiena, %70a, zehazki esateko. Honek zera esan nahi du: haien borondatez, Oiongo ikastolan seme-alabak matrikulatzen dituzten kooperatibistek geratzen den %30ari aurre egiten diotela.

Aurreko guztiak ez du esan nahi familia batek bere umea ikastolan matrikulatu nahi badu, ezin duela egin kuotak ordaintzen ez baditu: gure ateak denontzat daude irekita, beti egon dira irekita.

"Gure ateak denontzat daude irekita, beti egon dira irekita"

Orain dela zortzi urte ere irekita zeuden arazoak izan genituenean ratioak betetzeko, eta inor ez zen gogoratu ikasleen banaketa bidezkoa egiteaz.

Horrela jarraituko dugu, hots, familia bakoitzak ahal duena jartzen eta ahal duen moduan, ez da nahitaezkoa modu ekonomikoan izatea. Hauxe da, eta ez beste bat, gure kuoten helburua.

Ildo honetan jarraituz, esan dezakegu kuota hauek ez direla elitistak -egun, 40 euro hileko-, baina ezinbestekoak zaizkigu egunero ikastola martxan jartzeko.

Kontzesioak eta udal finantzaketa

Gizarte lanarekin bukatzeko, behin eta berriro ateratzen den gai mingarri bat azaleratu nahi dugu.

Gure kontra eraman nahi izan da eta, era berean, herriaren kontra, izan ere, gu gauden eraikinak udalarenak dira, beraz, mantenuak udalarena behar du, beste udal-eraikinetan bezala.

Ikastolak, gainera, azken 20 urteetan DBHko eraikinaren erdi berritu du kooperatibisten kuotekin. Horrez gain, erabilera askotariko / jangela eraikin berria egin du eta guzti-guztia kooperatibistek hilero jarritako diruarekin ordaindu da, eta eraikin hori gaur egun Oiongo udalarena da.

Aurreko denari gehitu diezaiogun bai gurasoek, bai irakasleek larunbatetan egindako auzolanak konponketa txikiak eta hobekuntzak aurrera eramateko. Eskuzabaltasun osoz. Eskerrik asko, San Bizente!

Ondorioak

Sanbizentetarrok ulertzen dugu sare publikoak, itunpeko sarearekin gertatzen den bezala, erantzunak behar dituela gaur egun daukan egoera latza konpontzeko.

Ondorioz, guk gure borondatea azaldu nahi dizuegu gure esku dagoen guztiarekin babestu eta lagunduko dugula Oiongo hezkuntza komunitatea ahal den neurri handienean sendotzeko.

"40 urteko ibilbidean ehunka ikasle erdaldun sartu dira gure ate gorritik eta euskaldun irten"

Hala eta guztiz ere, guk ez dugu ahaztuko nor garen eta zein den gure eginkizuna San Bizente ikastolan.

Bukatzeko, onartzen dugu batzuetan erabaki okerrak har genitzakeela, errare humanum est, baina begi bistan dago gure proiektua guztiz baliagarria dela, ikasturte honetan 300 ikasle baino gehiago ditugu, eta 40 urteko ibilbidean ehunka ikasle erdaldun sartu dira gure ate gorritik eta euskaldun irten.

Halaber, azpiegitura berriak eraikitzen ditugu eta, zalantza izpirik gabe, Arabako Errioxan dagoen gizarte aldaketako eragile garrantzitsuenetako bat gara euskararen ezagutzaren eta erabileraren arloan.

Horregatik, gure seme-alaben hezkuntzaren alde jarraituko dugu lanean gure neurrira egindako proiektu berritzaileak ezarriz, gure geroa eraikiz eta gure ikastolak hasieratik zuen erronkari jarraituz.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago