Eskola-segregazioa Arabako Errioxan: irtenbide baten bila

Erredakzioa 2019ko abe. 16a, 11:49

Arabako Errioxako ikastolen eta Ikastolen Elkartearen agerraldia. / Argazkia: Ikastolen Elkartea

Ikastolen Elkartea atzerritar jatorriko ikasleen desorekari irtenbide bat emateko eta Arabako Errioxa elkarlanean euskalduntzeko prest agertu da, Oiongo San Bizente ikastola segregazioaren inguruko eztabaidaren erdigunean kokatu duen "kanpainaren" aurrean.

"Oionen sua piztu dute, ikastolaren aurkako kanpaina abiatu dute, ez omen ditugulako atzerritar jatorriko ikasleak hartzen", azaldu du Ikastolen Elkarteak iragan astean egindako agerraldian. "Kanpaina horren probokazioan ez gara eroriko", argi utzi dute.

Arabako Errioxako ikastolen eta Ikastolen Elkarteko ordezkariek eskualdeko egoerari irtenbidea emateko, Assa (Lapuebla de Labarca), Bastida (Bastida) eta San Bizente (Oion) tokiko ikastolen egoeraren "argazki osoa" eskaintzea eta plan zehatzak eta integralak adostea ezinbestekoa dela azaldu dute. 

"Desoreka handia"

Atzerritar jatorriko ikasleak matrikulatzeko orduan "desoreka handia" dagoela onartzen dute ikastolen ordezkariek, baina argi utzi nahi dute: "Erantzuleren bat izendatu behar bada, ez gaitzatela gu seinalatu". 

Arazoa Arabako Eskolatze Batzordeak ikasle hauek eskolatzeko dituen "irizpide okerrek" eragin dutela diote. Izan ere, ikasle hauen gehiengoa matrikulazio epetik kanpo iristen da Euskal Herrira eta haien familiek ez dute erabakitzen non matrikulatu.

Ikastolen Elkartearen arabera, Arabako Eskolatze Batzordeak "oso era desorekatuan" egiten du banaketa hori eta ikasle asko A eta B ereduetara bideratzen ditu. 

"Leporatu izan digute gelak topera betetzen ditugula matrikulazio garaitik kanpo etorritakoei ateak ixteko". Bitartean, Arabako Errioxako ikastoletan leku libre ugari gelditzen direla azaldu dute: 53 San Bizente ikastolan, 74 Bastida ikastolan eta 168 Assa ikastolan. 

"Prest gaude, nahi eta behar ditugu", ziurtatu du Ikastolen Elkarteak. Gainera, etxeko lanak egin dituztela ere azaldu dute: harrera planak eguneratu dituzte eta beka sistemak gaurkotu eta hedatu dituzte.

Oiongo San Bizente ikastolako patioa. / Argazkia: San Bizente ikastola

 

Plan zehatzak eta integralak

"Norberak etxeko lanak egitearekin ez da aski, eta behar dira guztion artean plan zehatzak eta integralak adostea"; norabide horretan, proposamen zehatzak egin ditu Ikastolen Elkarteak arazoari irtenbidea emateko helburuarekin.

Lehenik eta behin, eskolatze batzordeetan hezkuntzako eragile guztien parte hartzea bermatzea eta egungo irizpideak aldatzea proposatzen dute ikastolek.

Horrez gain, eremu berdinetan dauden ikastetxeen arteko "oreka eta baliabide berezien politika" ezartzea nahi dute, herritar guztien aukera berdintasuna eta ikastetxea hautatzeko eskubidea bermatzearekin batera.

Gainera, hizkuntza ereduak desagertzea eta ikastetxe guztietan murgiltze eredua ezartzea ezinbestekotzat jo dute ikastolek, "atzerritar jatorriko ikasleak euskaratik eta euskaraz integratzeko".

Azkenik, Ikastolen Elkartearen ustez, segregazioaren arazoa ez da bakarrik hezkuntzarena. Hortaz, udalen parte hartzea beharrezkoa dela azpimarratu dute, herri eta eskualde mailako harrera plan integralak zehazteko.

Euskarazko eredu integrala

Arabako Errioxan ikasleak euskarazko eredu integralean eskolatzen dituzten "ikastetxe bakarrak" ikastolak direla ziurtatu du Ikastolen Elkarteak. 

Horretarako, Eustaten 2017/2018 ikasturteko datuak mahai gainean jarri dituzte. Adibidez, Haur Hezkuntzatik Batxilergoraino matrikulatuta zeuden 2.063 ikasleetatik 1.030 zeuden D ereduan, hau da, eskualdeko ikaslegoaren erdia; gehienak -876 ikasle- ikastoletan. 

Eskaintza publikoa "ia sinbolikoa" dela diote, izan ere, sare publikoak 154 ikasle ditu D ereduan, horietatik 104 Haur Hezkuntzan, Lantziegon, Oionen, Bastidan, Guardian, Samaniegon eta Eltziegon. 

Hortik gorako etapetan, sare publikoaren D ereduko eskaintza Lehen Hezkuntzara mugatzen dela salatzen dute: 50 ikasle Lantziegon. DBH eta Batxilergoa D ereduan egiteko aukera bakarra ikastolek bermatzen dute eskualdean.

D ereduaren monopolioa aldarrikatzetik urrun, sare guztietan hizkuntza ereduak kendu eta murgiltze eredua ezartzea defendatzen du Ikastolen Elkarteak.

Irizpide historikoei erreparatuz, 1981an %0,86 ziren euskaldunak Arabako Errioxan, Eustaten datu-basearen arabera; ia euskaldunak %2,54. 35 urte beranduago, euskaldunak %22,6 ziren, 2016ko datuen arabera; ia euskaldunak %42,29.

 

Garraio publikoaren auzia

Ikastolen Elkarteak azaltzen duen bezala, Eusko Jaurlaritzak A edo B ereduan ikastera doazen ikasleentzat doako autobus zerbitzua eskaintzen duen bitartean, eskualdeko hiru ikastoletan ikasten duten inguruko herrietako ikasleen familiek ordaindu egin behar dute garraioa.

"A edo B ereduan ikasi nahi dutenentzako autobus zerbitzua doakoa da. Murgiltze eredua aukeratu dutenentzako, ordea, ez", salatzen dute Arabako Errioxako ikastolen ordezkariek.

Erlazionatuak

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago