IRITZIA

Amatasun izoztua

Erabiltzailearen aurpegia Edurne Begiristain

"Aita izatea ez da gizon futbolarien ibilbidean oztopo estruktural gisa ulertzen. Amatasuna, aldiz, bai"

Duela aste batzuk jakin zen Espainiako Futbol Federazioak emakume futbolarien obuluak izozteko akordio bat lortu duela klinika pribatu batekin. Espainiako selekzioko jokalariek, areto-futboleko jokalariek eta lehen mailako epaileek obuluak izozteko aukera izango dute hala.

Federazioak emakume futbolarien beharrei erantzuteko eta kirola eta amatasuna bateragarriago egiteko aukera gisa aurkeztu du neurria, baina emakumeen gorputza eta bizitza bere interesetarako baliatzen dituen egiturazko sistema matxista baten beste adibide bat baino ez da.

Gizon futbolariek ez dute beren kirol ibilbidea eten behar izaten aita izaten direnean. Askotan, gainera, oso gazte izaten dituzte seme-alabak, eta aitatasunak ez du haien ibilbide profesionala arriskuan jartzen. Emakume futbolarien kasuan — eta emakume kirolari profesionalen kasuan, oro har—, ordea, errealitatea bestelakoa da: amatasunak kirol ibilbidearekin talka egiten duenez, emakumeei eskatzen zaie beren gorputza eta bizitza biologikoa kirol profesionalaren beharretara egokitzea.

Baina zergatik behar du emakume batek bere ugalkortasuna izoztu bere lanbidean jarraitu ahal izateko? Galdera hori ez da hutsala. Kirol profesionalak badaki gizonen bizitzako ziklo biologikoak eta gurasotasuna bere egiturara egokitzen. Aita izatea ez da gizon futbolarien ibilbidean oztopo estruktural gisa ulertzen. Amatasuna, aldiz, bai.

Emakumeak ama izateko erabakia hartzen duenean, askotan, bere kontratua, entrenamenduak, lehiaketa, errekuperazioa eta etorkizun profesionala jartzen dira jokoan. Eta hor dago arazoaren muina: emakumeari egokitzeko eskatzen zaio, ez sistemari.

Nahi izanez gero, har daitezke hamaika neurri amatasuna errazteko: haurdunaldian kontratuak babestea, erditu ondoren errekuperatzeko eta lehiaketara itzultzeko behar adina denbora bermatzea, seme-alaben zaintza erraztea, entrenamendu zein lehiaketa ordutegiak berrikustea... Zergatik, orduan, obuluak izoztu? Ez al da egokiagoa kirol profesionalaren —eta gizartearen— eredu heteropatriarkal eta matxista nazkagarri hau izoztea?

Edurne Begiristain.

Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago