Asteazkenean deitutako greba "historikoa" izan zela adierazi dute Mercedeseko sindikatuek. %95eko jarraipena sindikatuen arabera, %75ekoa patronalaren esanetan, bi hamarkada baino gehiago ziren produkzio katea ez zutela eteten langileek. Hori guztia enpresaren, erakunde publikoen eta komunikabide nagusien presioaren pean. Beste bi greba egun daude deituta hurrengo asteazken eta ostegunerako, lan hitzarmena berritzeko negoziazioen testuinguruan.
"Lan-baldintzak asko aldatu dira azken hogei urteetan. Lan zama edo erritmoak ez du zerikusirik ordukoarekin, eta soldatei dagokienez, gure erosmen ahalmena asko jaitsi da"
Zer balorazio egiten duzue asteazkeneko grebaz?
Oso positiboa. Tailerreko langile ia guztiek egin zuten greba, gutxieneko zerbitzuak eta behin-behineko langileak salbu.
Bi hamarkada baino gehiago dira produkzio katea ez dela gelditzen.
Zehazki ez dakit, baina 20 urte behintzat bai.
Espero zenuten ala sorpresa hartu duzue?
Langileen erantzunarekin oso harro nago. Gauden egoeran, enpresaren eta klase politikoaren presiopean, enpresa batzordean giroa ez denean egokiena langile guztiek bat egiteko... Harritu egin gaitu, positiboki.
Urte eta erdi daramazue lan-hitzarmen berria negoziatzen. Zeintzuk dira korapilo nagusiak?
Urte eta erdiz ari gara enpresak horrela nahi duelako: egoera luzatzen aritu da, Europako laguntzak nola banatuko ziren argitu zain. Martxoan argitu zen hori, orduan hasi zuen enpresak negoziazioa, esanez inbertsio bat egingo duela aurretik agindutakoa baino nabarmen handiagoa.
"Langileek batasuna nahi dute, mobilizazioetan hori ere nabarmena izan da"
Aurretik zein inbertsio agindu zizueten?
Martxoan, zehaztasunik eman gabe, esan ziguten Alemanian pentsatzen ari zirela ibilgailu elektriko berriari begira 800 milioiko inbertsioa egitea. Behin Europako laguntzena argituta 1.200 milioiekin etorri zaizkigu, zehaztapen pixka bat gehiagorekin, baina gutxi egia esan.
Zertan baldintzatzen dute Europako Batasuneko laguntzek Mercedesen inbertsio proiektua?
Martxotik hona argitu da Espainiako Estatuan Europako funtsen dirua jaso ahal izateko baldintzak zeintzuk diren, eta 1.200 milioi euro horietatik, Mercedes 250 milioiko laguntza jasotzeko hautagaia da. Horri gehitu behar zaio Urkullu lehendakariak iragarri duen "kolaborazio publiko-pribatua", ez dakiguna zertan gauzatuko den.
(...)
Albiste hau ARGIAk argitaratu du eta Creative Commons by-sa lizentziari esker zati bat ekarri dugu ALEAra. Jatorrizko elkarrizketa hemen duzu osorik ikusgai.