Voxek hitzaldia debekatzeko eginiko eskaria ez du aintzat hartu Espainiako Auzitegi Nazionaleko fiskaltzak, baina Poliziari eskatu dio ekitaldia zelatatzeko. Espainiako Gobernuaren EAEko ordezkari Jesus Lozak Sareri eskatua zion ordurako hitzaldia bertan behera uzteko, legezkoa izan arren "biktimen aurkako erasoa eta umiliazioa" eragingo zuela iritzita. Covite EHUri zuzendu zitzaion hitzaldia debeka zezan. EAJk, Josu Erkorekaren ahotik, ekitaldia legezkoa dela onartu zuen, baina "terrorismoaren biktimentzat umiliagarria" izan ote zitekeen jarri zuen zalantzan.
Sarek deialdia mantendu eta urgentziazko prentsaurrkeoa egin du aurretik, solasaldia hartzetzekoa zen eraikinaren ate aurrean. "Elkar ulertzearen eta enpatiaren" garrantzia defendatu du ekimen herritarrak, boikot saiakerak "elkarbizitzaren aurka" egiten duela nabarmenduz. Lopez de Abetxukok zigorra beteta duela eta bere eskubide guztien jabe dela ere azpimarratu du Iñaxio Oiartzabal bozeramaileak. EHUk oharra plazaratu du, aretoaren eskaera zuzena izan dela eta baimena emateak edukiaren ados dagoenik ez duela esan nahi adieraziz. Hala eta guztiz ere, eskaera egin dio Sareri, "kontuan har dezan ETAren biktimen sentimendua, sentsibilitatez joka dezan, eta biktimak mindu ditzaketen keinuak edo adierazpenak saihestu ditzan".
Albiste hau Argiak argitaratu du eta Creative Commons by-sa lizentziari esker ekarri dugu ALEAra. Zigor Oleagaren jatorrizko albistea eta informazio osatuagoa hemen duzu ikusgai.