Sarek antolatuta, Jose Ramon Lopez de Abetxuko euskal preso ohia Larriki gaixo dauden presoak etxera hitzaldia ematekoa da bihar, EHU Euskal Herriko Unibertsitatearen Gasteizko campuseko ikasgela batean (12:30). Covite indarkeriaren biktimen elkarteak, baina, hitzaldia bertan behera uzteko eskatu dio EHUri, argudiaturik Lopez de Abetxukok 30 urte igaro zituela kartzelan polizia bat hiltzeagatik, eta ikasleen aurrean ezin dela "erreferente gisa" aurkeztua izan. Sare euskal presoen eta iheslarien giza eskubideen aldeko plataformak, berriz, jakinarazi du hitzaldia egin egingo dela.
Esteban Garibai elkarteak, berriz, elkarretaratze batera deitu du Lopez de Abetxuko eta Txema Matanzas abokatua ematekoak diren hitzaldiaren kontra: bihar, EHUren Gasteizko campusean (12:15). PPk hitzaldia bertan behera gelditzeko eskatu du, eta Jesus Loza Espainiako Gobernuaren EAEko ordezkariak iritzi bera du.
Albiste hau Berriak argitaratu du eta Creative Commons by-sa lizentziari esker ekarri dugu ALEAra. Jatorrizko albistea eta informazio osatuagoa hemen duzu ikusgai.