Euskaraldia: euskaraz ahalik eta gehien egiteko prestatuko gara

Erabiltzailearen aurpegia Euskaraldia-Añana 2018ko ira. 22a, 19:55

Hilabete eta erdi falta da Euskaraldia hasteko: azaroaren 23tik abenduaren 3ra, hizkuntza-ohiturak aldatzeko proiektu bat egingo dugu Euskal Herri osoan; baita Añanako Kuadrillan ere, jakina.

Ahobizi eta Belarriprest rolez lagunduta, ahal den guztietan, herritarrek euskaraz egitea nahi dugu. Horixe da funtsa: ahalik eta euskara gehien egitea.

Beraz, Euskaraldia ez da izango euskararen alde gaudela esateko ekimen huts bat, ezta egun bateko festa bat ere. Aitzitik, eguneroko hizkuntza-ohituretan eragiteko  saio bat izango da. Horretan  ezinbesteko betekizuna izango dute Ahobizi eta Belarriprest rolak hartuko dituzten pertsonek, horiek bultzatuko baitute egunerokoan euskara txertatzea.

Hortaz, Euskaraldian parte hartzeko, geure burua prestatu behar dugu. Ondo ulertu behar da  zer den Ahobizi eta zer den Belarriprest, eta figura bakoitzak eskatzen dituen konpromisoak ondo bete behar dira. Ahobiziek ahal den guztietan eutsi beharko diote euskaraz egiteari: lehen hitza euskaraz egin, eta, elkar ulertuz gero, halaxe jarraitu.  Belarriprestek, ostera, ahalbidetu  beharko dute euskaraz berba egin ahal izatea: euskaraz edo erdaraz erantzun ahal izango dute, baina euskaraz egiteko eskatuko diote euskaraz dakiten guztiei.

Ahobizi edo Belarriprest izango garen erabaki ondoren,  izena eman behar dugu.

Izen-ematea sustatzeko eta bideratzeko, hainbat tresna jarri ditugu martxan Añana Kuadrillan. Hala, datozen egunetan aurkeztuko dugu osatu dugun bideoa Euskaraldian parte hartzeko prest dauden gure hamar udalerrietako lagunekin. Era berean, irailean, Gaubean ospatu den Angostoko Azokan jarri dugun stand-ean Euskaraldian  parte hartzeko dozenaka lagunen konpromiso idatzia ere bildu dugu. Bestetik, pixkanaka-pixkanaka, gure eskualdeko herri guztietako hainbat lagunen izen-abizenak  ari gara jasotzen.

Honako bide hauek daude  izena emateko: batetik, nahi duenak mezua bidali dezake  anana@euskaraldia.eushelbidera, harremanetan jartzeko; bestela, online ere egin daiteke,  www.euskaraldia.eus atarian dagoen izena emateko formularioaren bitartez. Azkenik, aipatu beharra dago Añanako Kuadrillako EUSKARALDIAren berri  sare sozialen bitartez ere emango dela. Hauexek dira kontuak. Twitter: ‪@AnanaEuskarald.  Facebook:  @AnanakoEuskaraldia. Jarrai iezaiezue.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago