Saretzen

"Babes ofizialeko etxe gutxien eraikitzen ari garen aroa bizi dugu"

Erabiltzailearen aurpegia Joni Ubeda 2024ko aza. 9a, 08:00

Marce Garcia, Stop Deshaucios Gipuzkoako kidea. Argazkia: Aiurri.

Saretzen egitasmoaren bidez, Joni Ubeda Aiurri komunikabideko kazetariak Marce Garcia elkarrizketatu du, Stop Deshaucios Gipuzkoako kidea. Etxebizitzaren aldeko Itun Soziala bete gabe dagoela gogoratu du, kontsentsu handiz adostutako lanaren emaitza. "Ekintzen aroan gaude, promesena igaro zen".

Euskal erkidegoan eta Espainiako estatu mailan etxegabetzeen auzian Stop Desahucios erakundeak duen partaide esanguratsua da Marce Garcia. Bogan dauden hainbat hizpide izan du aztergai, luze eta zabal.

Saretzen egitasmoaren bidez jasotako datuei eta grafikoei erreparatuta, gure udalerrietan, etxebizitzaren erosketa da historikoki nabarmen gailentzen den joera.

Jabegoaren eremua da gure erkidegoa. Espainian ere hori bera gertatzen da. Baina, bestalde, duela hamasei-hamazazpi urte atzera eginez sorturiko krisiaren ostean, milioika lagunentzat zaildu egin da mailegu bat eskatzeko sarbidea. Baldintzak orain oso gogorrak dira, eskatu behar duzun mailegu osoaren %20 aurreztuta izan behar duzulako. Horrek, ondorioz, asko zailtzen du mailegua eskatzeko aukera. Ezintasun horri aurre egiteko alternatiba izan daiteke alokairua. Eta, diru-sarreren arabera, alokairu soziala. Baina zer gertatzen ari da? Alokairuen prezioa oso garesti dagoela. Merkatu librean, mailegu bat ordaintzea baino garestiago da alokairuari dagokion errenta ordaintzea. Alokairuari dagokionez, erreferentziazko lurraldeetatik urrun gaude. Viena hiria dute denek eredu, baina horra iristeko beste mentalitate bat behar dugu. Han etxebizitza alokairuan eskuratzeko aukera zabala dago, salneurri egokian. Europa osoa hara begira dago, baina jabetzaren kultura hain dugu barneratuta, mentalitate aldaketa bat behar baitugu. Denbora beharko da horretarako. Beraz, honaino iritsita, bistakoa da etxebizitza erosteko arazoak daudela, eta erosketaren alternatiba izan daitekeen alokairua are garestiagoa dagoela. Horregatik, Stop Desahucios erakundean, alokairu sozialaren aldeko defentsa egiten ari gara. Izan ere, Etxebizitza Legean jasota dagoen bezala, diru publikoa alokairu sozialera bideratu behar da.

Alokairuei dagokienez, aldi baterako alokairuen hazkundea sasoi honetako auzia da. Gida bat aurkeztu duzue, zuen hitzak hona ekarrita, "iruzurrezko aldi baterako kontratuen eraginpean dauden maizterrei zuzenduta".

Etxebizitza Legea onartu zenetik, eta hainbat udalerritan tenkatutako eremu gisa izendatzeko prozedura abiatu denetik, etxebizitzarekin negozioa egin nahi duen hainbatek aldi baterako eskaintzaren alde egin du. Horrekin iskin egin diezaiokete, bereziki, alokairuagatik gehienezko prezioa ezartzeari. Aldi baterako kontratuen alde egiten ari dira legeak duen hutsunea baliatuz. Gogoan hartu behar dugu Hiri-errentamenduei buruzko Legeak jasotzen duena, hots, jabea 5-7 urte arteko alokairu hitzarmena sinatzera behartuta dagoela maizterraren bizitokia etxebizitza hori bada. Hainbat familia aldi baterako hitzarmenak sinatzen ari dira, alokairu egonkorraren ordez. Gerta liteke maizter dagoen familiaren bizkar egitea hori. Horrela, eta hilabete batzuen bueltan, etxetik kanpo utz ditzakete, esaterako, aldi baterako hitzarmena baliatuz eta jabeari alokairuaren prezioa nabarmen igoz. Tranpatia da egoera, aldi baterako hitzarmenak sinatzeko argudio indartsua behar baita. Ikasleen, hiri batetik bestera lanera joandakoen edo beren etxean eraberritze lanak egin behar dituztenen kasuetarako erabili ahal da aldi baterako hitzarmena. Beste kasuetan, ez.

Ba al du turistifikazioak zerikusirik horretan?

Izan daiteke. Idealista atarian sartu zaitezke eta bertan aldi baterako hitzarmenak estekan klik egin. Horko eskaintzan ageri da ekainera bitarteko –ikasleei begirakoa–, eta udarako alokairua. Baina hori legez kanpokoa da. Turistikoa izateko, aurretik, Jaurlaritzan izena emanda egon behar da, eta iragarkietan erregistro-zenbakia azaldu behar da, derrigorrez. Gipuzkoako Higiezinen Jabetzako Agenteen Elkargo Ofizialeko lehendakariak berak aitortzen du aldi baterako alokairuen artean ezkutatzen direla turismorako bideratutako hainbat. Bada, hori iruzur egitea da.

"Ezin dugu onartu jendeak etxeak hutsik uztea, justifikaziorik gabe"

Horri aurre egiteko gida bat aurkeztu duzue.

Bai. Jurisprudentzia dagoelako. Alokairuan bizi den familia bat har dezagun adibidetzat. Etxebizitza hori du bizitoki, bertan erroldatuta dagoelako. Legearen arabera, 5 edo 7 urteko hitzarmena sinatzea dagokie. Herrialde Katalanetan gehiago, baina toki guztietan nabarmen igo dira hamaika hilabetero berritzen diren alokairuen kasua. Jabeak maizter horiei ezin die aldi baterako hitzarmena ezarri. Hitzarmen egonkor bat behar dute eta hori justizia-epaietan onartuta dago. Beraz, maizter horien kasuan, aldi baterako alokairu egoeran badago, zer egin dezake? Oso erraza da, maizterrak jabeari burofaxa bidali behar dio, informazioa jaso duela esanez eta hitzarmena legearen arabera arautu behar dela adieraziz. Hori da guk eskaintzen dugun erreminta. Modu horretan, aldi baterako milaka hitzarmen egonkor bilakatu daitezke.

Etxebizitzen parkeari erreparatuta, kasuan kasu, egoera aldatuz doa. Baina bada sentsazioa, oro har, babes ofizialeko etxebizitzen eraikuntza ez dela behar bestekoa.

Etxebizitzaren Gida Plana Euskadiko etxebizitza politikak bideratzeko dokumentu estrategikoa da, hiru urteko epealdia duena. Besteak beste, eraikuntzaren planifikazioa aurreikusten da, eta horretarako zein baliabide jarri behar dituzten zehazten dute. Sailburuen ahotan, lerroburua oso polita da: "Alokairu sozialaren aldeko apustua egingo dugu". Eta plana jaso duenari erreparatzen hasi eta oso nabarmena da agindutakoaren eta betetakoaren artean dagoen aldea. Babes ofizialeko etxebizitzen kasuan, salmentara bideratutako helburuak betetzen dira. Eta, kasu batzuetan, gainditu ere bai. Orain, alokairu sozialari erreparatuta, eta nahiz eta hori bideratzeko aurrekontu zehatza izan, ez da helburu gisa jarritako %30era iristen.

Kaleratzeak Stop Arabak deitutako elkarretaratze bat, Gasteizen. Argazkia: Hala Bedi

Etxebiden eskaera gehienak alokairu sozialekoak dira, zuek maiz aldarrikatu duzuenez.

Etxebiden, eskatzaileen 10etik 8k alokairu sozialaren aldeko eskaera egin dute. Zergatik? Ez dutelako beste aukerarik. Merkatu librean dagoen alokairua ordaintzea ezinezko zaie; mailegurik ere ezin dute eskatu. Gehiengoa dira, esan bezala: eskatzaileen 10etik 8. Eta hala ere, egun, salmentarako etxebizitzak eraikitzen ari dira. Orduan, zertan ari dira? Etxebizitzak erosteko eta ordaintzeko aukera dutenentzat eraikitzen ari dira. Nork du mailegua eskuratzeko aukera? Denek ez. Eztabaida sustatu behar da, zeren eta zein helburu sozial du babes ofizialeko etxebizitza tasatu batek? Donostian, azken promoziokoak, 270.000 inguru balio dezake. Zer babes ofizialeko etxebizitza klase da hori? Luxuzkoa da, hori lor dezakeenarentzat. Urtean 50.000 euroko diru sarreratik gertu dagoena izango da eroslea, baina gainerakoentzat ezinezkoa da prezio hori ordaintzea. Premia bizia dutenen kasuan, alokairu sozialerako ezarritako helburuak ez dira betetzen ari, inondik inora. Lehenik eta behin, alokairu sozialera gordetako aurrekontu partida hori nora doa? Ez dugu ikusten. Metatuz doa partida hori, urtetik urtera? Ez dakigu. Eta esango nuke Legebiltzarrean oposizioan dauden alderdiek ere ez dutela galdera hori egiten. Non arraio dago oposizioa?

Bada, alokairu sozialaren aldeko apustua bada mantra modukoa, ordezkari politikoen ahotan.

Konbentzituta nago, gaia gertutik jarraitu dudalako, ez dagoela horretarako borondaterik. Alderdi nagusiak, EAJk, sekula ez du izango horretarako borondaterik. Beren politika bakarra ordaindu dezakeenarentzat eraikitzea da. Ez dago gehiago. Hori da laburpena. Hitz egin dezagun etxebizitzen legezko erreserbaz. Edozein promozio gauzatzeko, legez erreserbatu behar dira kopuru batzuk salmenta librerako eta babes ofizialerako. Gutxieneko erreserba honako hau da: %20 etxebizitza tasatura bideratu behar da, eta beste %20 babes ofizialekoetarako. Azken horretan erdia izan daiteke salmentarako eta bestea alokairurako. Joera, oro har, babes ofizialeko guztia salerosketara bideratzea da. Non geratzen alokairurako aukera? Jaurlaritzak, berriki, alokairu sozialerako 7.000 etxebizitza bideratuko dituela iragarri du. Ez da beteko. Azken urteotako aurrekontuarekin 500 bideratzera ere ez baitira iritsi. Aurrekontua hirukoiztuta bakarrik iritsi daitezke 7.000ko helburu horretara. Eta hori ez da gertatuko.

"Gehiago saritzen dugu erosketa, arazo handiena alokairuan dagoenean"

Hutsik dauden etxebizitzen afera ez da berria, eta horiek ez merkaturatzea arazo bat da dagoen eskaintza apur hori garestitu egiten delako.

Zorionez, Euskadin badugu baliabide bat beste erkidego gehienetan ez dagoena: Bizigune. Programa bat da, eta jabeari berme batzuk eskaintzen dizkio. Garrantzitsuenak honako hauek: jabeak errenta bat kobratuko du, hilean behin, kontratuak irauten duen bitartean; eta, bigarrenik, Bizigunek konpromisoa hartzen du etxebizitza hori egoera onean itzultzeko. Beraz, jaberen batek segurtasun faltaren ideia hori badu buruan, mamu hori gainditu egiten da programaren eskutik. Gerta daiteke, etxebizitza huts baten jabe izatea eta aparteko informaziorik jaso ez izana. Horiek, hainbat udalerritan, Ondasunen Higiezinen Zergaren bitartez, errekargua jasotzen dute. Ni neu errekargua bideratzeko moduarekin oso kritiko naiz. Funtzioa hutsik dauden etxebizitza horiek merkaturatzea zelako. Eta hori ez da bete. Dirua biltzeko ekimen hutsean geratu da. Etxebizitza huts hori alokairuan jartzeko edo saltzeko badugu beste alternatiba bat: Kanona. Errekargu bat da, handiagoa. Kanona aplikatzeko, azken bi urteetan etxebizitza huts horri erabilpenik ez zaiola ematen frogatu behar da. Kasua hori bada, lehen urtean, etxebizitzaren metro karratuko 10 euroko errekargua aplikatzen da. Kanona ezartzen hasita, beraz, hutsik dagoen etxebizitzagatik 800 euro ordaindu beharko lituzke jabeak. Kopuru hori urtez urte handituz joango litzateke. Epe luzera nahitaezko alokairua edo desjabetzea abiarazi liteke. Hori araudi batean jasota dago, Jaurlaritzan.

Araudi batean jasota dago, baina ez da betetzen. Eta zu zeu kritiko agertu zara EH Bildurekin...

Sei urtez, gurekin batera, presioa egiten jardun du Jaurlaritzan. Kanonaren araudia ateratzea aldarrikatzen ari ginen. Eta, orain, udal mailan EH Bilduk duen boterea ikusita, ez dira kanona aplikatzen ari. Kanona ezartzeko araudia duela bi urte jarri zen martxan, eta ez da inon aplikatzen. Inon ez. Kanonak badu aipatu beharreko ertz garrantzitsua: ezer baino lehen, jabeari aukera bat eskaintzen zaio. Bilera batera deitzen zaio etxebizitza huts horren jabeari, eta bilera hori egitea oso garrantzitsua dela deritzogu. Alegia, etxebizitza horrek ez du erabilerarik eta, teorian, Kanona aplikatu behar zaie. Baina hori egin aurretik, erabaki hori justifika dezakeen arrazoiren bat ba ote duen galdetzen zaio. Justifikatuta badago, ez diogu kanona aplikatuko.

Kanona aplikatzea ezinbestekotzat hartzen duzue.

Etxebizitza hutsa duen jabegoa eroso dago, oro har. Eta, merkatuaren gorabeheren arabera, etxebizitza garestitzen den aroa iristean, etxebizitza saldu dezake. Bitartean, nahita eragindako eskaintza eza eragiten ari dira merkatuan. Eta muinean, merkatuan, eskari bat dago eta alokairu eskaintzarekin arazo bat dugu.

"Ekintzen aroan gaude, promesena igaro zen"

Eta onura horiek zeintzuk liratekeen zehazterik bai?

Udal mailan, hobariak IBIan. Demagun, %90ekoa alokairu sozialera bideratu denean, eta %50 ohiko alokairura. Posible da eta egin daiteke. Izan ere, EAEn, urtero, etxebizitzaren erosketa ahalbidetzeko onura fiskalak 300 milioi eurora iristen dira urtero. Mailegu bat eskatzeagatik erosleak jasotzen duen dedukzio fiskala da, nagusiki. Dirutza da: 300 milioi euro. Alokairura bideratutako laguntzak, aldiz, 100 milioi euro besterik ez dira. Gauzak horrela, gehiago saritzen dugu erosketa, arazo handiena alokairuan dagoenean.

Zertan da Etxebizitzaren aldeko Itun Soziala?

Duela bi urte sinatu genuen. 88 erakunde atxiki ginen eta itun horrek badu epealdi bat 2036 artekoa. Berriki, kargua hartu berritan, Denis Itxaso jaunak adierazi du sinatzaile guztiak berriro deituko gaituela. Bada, zertarako? Kontsentsu handi batera iritsi ginen orduan, eta babes ofizialeko etxebizitzak eraikitzeko promesa jaso zen bertan. Ez, ez gaituzte berriro deitu behar. Lehen bi urteetan, behintzat, ez dute ezer egin. Babes ofizialeko etxebizitza gutxien eraikitzen ari garen aroa bizi dugu. Beraz, nor ez da emandako hitza betetzen ari? Etxeko lanak jarri ziren eta ez dira idatzitakoa betetzen ari. Ekintzen aroan gaude, promesena igaro zen.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago