Jubilatu baino lehen, landa mediku gisa Osakidetzan, izugarrizko zortea izan nuen, lantaldera emakume gazte talde bat etorri baitzen haize freskoa bezala. Ilusioz eta profesionaltasunez betetako familia mediku gazte horiekin berehala konektatu nuen, lanbidea ulertzeko duten modua nire ibilbide profesionalean bilatu dudana baitzen.
Medikuntzaren ezagutza sendoa duten emakumeak dira, baina gehiegizko medikalizazioarekiko eta farmaindustriarekiko ikuspegi kritikoa ere badute. Batez ere, ongi dakite lehen mailako arretak zer nolako garrantzia duen pertsonen bizitzan. Komunitateek aukera eskaintzen digute beren osasuna eta gaixotasuna bizitzeko, eta hiltzeko modua zaintzeko eta laguntzeko, eta hor dago gure ardura ederra.
"Lankideak zalantzaz beterik joan dira grebara, jakinik ez zela guztiz euren greba"
Denbora gutxian erabaki genuen taldetxo bat sortzea osasun komunitarioaren inguruan ekimen ezberdinak egiteko. Jakin bagenekien eguneroko kontsultetan ez zegoela tokirik osasun prebentziorako edo hezkuntzarako, eta ohiko zirkuitutik kanpoko jarduerak erakargarriagoak eta eraginkorragoak izan zitezkeela osasun arloan. Kukuso jarri genion gure taldeari, eta landa osasunaren aldeko plataforma gisa martxan jarri genuen.
Urte hauetan lehen mailako arretaren narriadura geldiezina gertatu da, are gehiago herrietan. Osasun duina eskaintzea ezinezko misio bihurtu da. Pandemiak bizkortu zuen egoerak ez du erantzunik izan Osakidetzako kudeatzaileen aldetik. Osasun taldeekin harremanik ez izateak babesik gabe utzi ditu profesionalak, eta lehen mailako laguntzaren suntsiketa da denborak aurrera egin ahala nagusitzen ari dena. Ez da kasualitatea aseguru etxe pribatuek irabazi kuotak handitzen dituzten bitartean pribatizazio geldiezinak aurrera egitea.
Kukusoko nire lankideak zalantzaz beterik joan ziren grebara duela egun batzuk, jakinik ez zela guztiz euren greba, baina zerbait egin behar zutela hondamendia saihesteko. Ez dute pribilegiorik nahi, ezta asistentzia txarraren prezioa igo ere. Kontsultetan duintasunez erantzun nahi dute, oporretan ordezkatuak izan nahi dute, prestatzen jarraitu ahal izatea nahi dute, oso gustuko duten amatasuna lanarekin bateragarri egin nahi dute, eta komunitatearen osasuna zaindu nahi dute. Familia mediku horien konpromisoa eta erantzukizun soziala eztabaidaezinak iruditzen zaizkit, eta horregatik uste dut komunitateak berak babestu beharko lituzkeela. Gainera nire Kukusera maitiak – Itzi, Nerea, Esti, Anamari eta Mai– oso lagun eta pertsona onak dira, eta babes hori merezi dute.
Mati Iturralde
Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.