Maskulinitatearen agindua" kontzeptua Rita Segato antropologoak sortu zuen eta gizonek maskulinotzat hartzeko nola jokatu behar duten ezarrita dauden gizarte eta kultura arauei egiten die erreferentzia, boterea, kontrola eta batzuetan indarkeria erakusteko betebeharra barne.
Kontzeptu hau gogorarazi dit azken asteotan PSOEko ustelkeriaren inguruan argitaratutako informazioa irakurri dudanean. Adriana Lastraren adierazpenek bereziki harritu naute, Santos Cerdanek alderdiaren barruan jazarri eta eraitsi egin zuela esaten baitzuen, gaixorik eta haurdun zegoela, dimisioa ematera behartuz.
Hala ere akusazio larri hori ia oharkabean pasa da, nahiz eta salatutako politikariaren jokabide sexistak eta ustelak pilatu diren. Zaila da sinistea antolakuntza idazkari ohiak jasandako tratu txarra berari bakarrik zuzendu zitzaionik eta inongo buruzagi politikok ez zekienik zer gertatzen ari zen.
Psikologian "tximino hegalariak" bezala izendatzen dituzte tratu txarren egileen jokoan konplize gisa jarduten dutenak, edo "apatikoak" bezala ere ezagunak dira. Haien papera da tratu txarren egileen bertsioa balioestea eta haren aginduak betetzea, kritikatu edo kaltetu ez daitezen. Nire ustez, tratu txar emaileen eta "apatikoen" jokabidea gizonezkoen nagusitasunaren neurriaren adibide argia da.
Agian zenbait euskal politikari lasaiago ibiliko da pentsatzen gure herrialdean gauza hauek ez direla gertatzen. Ni ez nago batere ados. Ustelkeria eta botere gehiegikeria ohikoak dira hemen ere. Eta ez dut zalantzarik emakume batek baino gehiagok bere ardurak utzi behar izan dituela kideen etengabeko jazarpenagatik.
Are gehiago, tratu txarren emaileak ez dira soilik alderdi politikoetan izaten; halako jarrerak gizarte mugimenduetan edo talde profesional eta sindikaletan ere gertatzen dira. Sarritan, esparru ugaritan, matxistak eroso sentitzen dira bere tximu hegalariez inguratuta.
Emakumeok kate asko hautsi ditugu, baina matxismoak mehatxatzen jarraitzen du oraindik ere. Tamalez, feminismoak dakartzan aldaketak inoiz ez daude seguru. Maskulinitatearen aginduak kalte egiten die gizonei, baina ezin dugu alde batera utzi abusuek askotan biktimak gaixotu eta suntsitzen dituztela. Horregatik ezinbestekoa da edozein eraso egiten dutenak eta haien konplizeak agerian uztea, eta gogoratzea oso gai garela gure defentsa kolektiboak indartuz edozein erasori erantzuteko
Mati Iturralde
Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.