Goizero, emakume asko Gasteizko euren etxeetatik ateratzen dira, 05:30ean, lanera eramango dituzten autobusak hartzeko. Ordu horietan ez dago garraiorik hirian, eta, garaiz iristeko, bide luzea oinez egin behar dute maiz. Gero, herrietara iritsi, eta zaintza ezberdinetako lanetan aritzen dira; lan jardunaldi luzeak eta neketsuak izaten dira, eta askotan ez dira etxera ilundu arte itzultzen.
Emakume horietako gehienak oso urruti jaio ziren, eta askotan, nahiz eta urteak daramatzaten Euskal Herrian bizitzen, ez dira behar bezain legalak, edozein tramite, bisa edo baimen oztopo lasterketa bihurtzen delako beti.
Horietako askok, zaharren egoitzetan gerokultore gisa lan egiteko, bankuan kreditu bat eskatu behar izan dute, titulu ofiziala izateko.Titulu horrek berarekin dakar kontratu bat, nomina bat eta bizileku baimen bat lortzea, eta ondorioz, gutxienez eskubide sozialen zati bat eskuratuko dute, hori bai, Arabako lan hitzarmen txarrenetako batekin. Etxeko langileak, berriz, oraindik maila baxuagoan daude. Enplegatzaileak edo bitartekari den enpresaren batek arautzen ditu haien lan baldintzak, eta nekez lortzen dute soldata duin bat, orduko zortzi euro kobratuta.
"Askotan pentsatu dut emakume hauen egoerak pertsonifikatzen duela euskal mugimendu feministak hainbat hamarkadatan borrokatu duen zapalkuntza hirukoitza"
Askotan pentsatu dut emakume hauen egoerak pertsonifikatzen duela euskal mugimendu feministak hainbat hamarkadatan borrokatu duen zapalkuntza hirukoitza, nahiz eta gaur egun agenda feminista guztietan ez agertu. Azken urteetan feminismoak eztabaida berriei ekin behar izan die emakumeei eragiten dieten kalte ezberdinei aurre egiteko, eta dudarik gabe erronka berriak zailak izan dira. Baina ez da ahaztu behar diskriminazioa eta indarkeria gehien jasaten duten emakumeak pobreak, arrazializatuak eta eskubide sozialik gabekoak direla.
Zaintzen krisiak, kapitalismoren eskutik, agerian utzi ditu emakumeen artean dauden desberdintasunak: klasekoa, etniakoa eta sexu orientaziokoa. Emakume pobreen kasuan, neurri handi batean arrazializatuak ere direnak, zaintza lanak bere gain hartzen dituzte, beti zerbitzu merkantilizatu eta prekarizatu batean. Horregatik, Euskal Herriko feminismoek beren lehentasunen artean markatu behar dute emakume horien defentsa. Nola? Lan hitzarmen duinak lortuz; lan egiteko baimenak babestuz; eta zainketen banaketa ekitatiboa eta solidarioa exijituz.
Etxean esplotatutako emakumeek edo soldata eskasak dituzten erresidentzietakoek Martxoaren 8ko manifestaziora joateko aukera emango digute beste emakume askori. Ezin ditugu ordezkatu, baina gogoratu beharko genituzke. Zutik emakumeok!
Mati Iturralde.
Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.