iritzia

Aldatzeko itxaropena

Erabiltzailearen aurpegia Mati Iturralde 2024ko eka. 29a, 10:00

Eguzki plakak.

"Ideologia likidoak eta pragmatismoak edozein utopiatik urruntzen gaituzte eta eztabaida sakonak planteatzeari uko egiten diote"

Arabako argazkia aldatu egin da hauteskunde bakoitzean. Azken bi aldietan, arreta deitu didaten hiru emaitza. Lehena, jakina, EH Bilduren botoen portzentajea (EAEko hauteskundeetan ia %30 eta Europako hauteskundeetan %22); bigarrena, Arabako ezkerreko boto transferentzia alderdien artean (PSE ezkerrekoa dela onartzen badugu); eta hirugarrena, boto faxistaren kopurua bere horretan mantentzea belaunaldiz belaunaldi. 

Bada, argazki horri erreparatuta, badirudi prest gaudela gizartean aldaketa sakonak eragiteko. Ez da gauza erraza, kontuan izaten badugu jendartea gero eta indibidualistagoa dela, eta komunitate bezala ikasi beharko dugula krisi ezberdinen artean gure burua munduan eta Euskal Herrian kokatzen. Egokitu zaigu ziurgabetasunean bizitzea, eta itxaropena egunero elikatu behar dugu. Agian ez gara ausartegiak, baina zazpigarren alabaren seme-alabek borrokarako prestutasuna erakutsi dugu askotan.

Halere, orokorrean politikagintzan, gure herrialdearen izaera ez da oso ezaguna. Gaur, oraindik, gure herri txikiek ez dute ia izenik, eta batzuen irudimenean dago gerra zibilaren ondorengo apaizen eta militarren hiria. Ezjakintasuna nekagarria da, baina ohitu egin gara.

Politikariak erantzun zuen jendeak ez duela bizimodua aldatu nahi; errealistak izanik guztiok jarraituko dugula Amazonen erosten

Beste kontu bat da gure herrialdeko arduradun politikoek aldaketa sustatzeko dugun gaitasunarekiko duten mesfidantza. Duela gutxi arabar politikari batekin izan nuen solasaldi bat. Gaia kontsumo jasanezina murrizteko beharra zen, eta guztiok bizitza duin bat izateko zer aldatu behar dugun. Politikariak erantzun zuen jendeak ez duela bizimodua aldatu nahi; errealistak izanik guztiok jarraituko dugula Amazonen erosten. Harritu ninduen, baina konturatu naiz ez dela lehen aldia hori entzuten dudala. Trantsizio energetikoari buruz beste arduradun politiko ezkertiar bati entzun nion ere guztiok nahi dugula argindarra etxean, eta beraz, onartu behar dugula gure labore lurrak okupatzea, gustatu ez arren.

Ideologia likidoak eta pragmatismoak edozein utopiatik urruntzen gaituzte eta eztabaida sakonak planteatzeari uko egiten diote. Nik dudan Arabako pertzepzioa ez da komunitate insolidario edo pasibo batena. Egunerokotasunak erakutsi du gizartea gai dela erasoen aurrean aktibatzeko eta maite duena defendatzeko. Horregatik, ezkerreko buruzagi politikoen proposamenak kapitalismo berdera mugatzen direnean sentitzen dut benetan ez dutela uste aldaketak posible direnik. Bakarrik behar dugu argi pixka bat bidea aurkitzeko; eta nahiz eta batzuek mesfidantza izan, hobeak izateko eta bizitzeko itxaropena ez galtzea.  

Mati Iturralde.

 

Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago