Dagoeneko aurkeztu dituzte Arabarako hautagaien zerrendak; guztiek erabili dituzte eszenatoki argitsu eta koloretsuak, eta telebistan agertu dira irribarretsu eta ziur. Herrialdeko zerrendaburu gehienak gizonak eta gazteak dira, alde horretatik ez dago disonantzia handirik alderdien artean. Batzuk euskaldun petoak dira; beste batzuk ez hainbeste; gehienak unibersitateko tituludunak.
Halako gauzekin konturatzen naiz beste mende batekoa naizela. Bai. Pasa den mendean, legebiltzarrerako Herri Batasuneko zerrendan parte hartu nuen. Orduko kanpainak oso ezberdinak ziren. Araba zeharkatzen genuen karabana prekario batekin, eta herrietako militanteek ekitaldiak prestatzen zituzten. Herriko tabernetan propaganda banaketak prestatzen ziren, eta kuadrillak gerturatzen ziren papeletak gutun-azaletan sartzeko. Bosgarren legegintzaldian, bost parlamentari atera genituen Araban, eta Legebiltzarrera sartu ginen kontrako zelaian jokatuko bagenu bezala.
Hiru urte eta gero, Mahai Nazionaleko kide guztiekin batera, kartzelan bukatu nuen bideo bat argitaratzeagatik. Nire ibilbide parlamentarioa motza izan zen, eta egia esateko, esker onez.
Gaurko euskal politikagintzan gero eta leku gutxiago dago amateurismorako. Ez dakit hori ona edo txarra den, baina gaurko egoerak ez dit laguntzen politika konbentzionalaren gaitasunaren inguruan baikor izaten. Ez dakit gaurko erakundeetan aukera dagoen benetan errealitatea aldatzeko. Eraiki diren esparru esklusibo horietan ez dira erraz sartzen kaleko kexak, baina gutxienez eskaera bat egingo nieke parlamentariei: gezurrik ez esatea.
Politikagintzan gezurrek eraldaketa oztopatzen dute. Behin eta berriz esaten badigute egoera sozioekonomikoa ona dela, hazkunde ekonomikoa geldiezina, hiperkontsumo maila mantenduko dela edo osasuna, etxebizitza, hezkuntza eta zaintzak garatu egingo direla, agian, pobrezia, gaixotasuna eta bazterkeria ikusezin bihurtuko dituzte, baina ez dira desagertuko.
Ziur aski zaila da egia esatea, oso zaila delako azaltzea egungo bizimodua jasanezina dela, eta krisi globalean dagoen mundu baten aldaketa saihetsezinerako prestatu behar dugula. Onartu behar da jendarteak arazo larriak dituela, eta aurrera begira gauzak errotik aldatu beharko direla lan egoki bat, etxebizitza duina, janari nahikoa, eskola irekiak, osasun zerbitzu hurbilak, edo zahar egoitza argitsuak nahi baditugu, baita kultura, sormena, adiskidetzea eta maitasuna trukatzeko esparru libreak ere. Zoriontsu izateko gauza gutxi behar dugu, ezta?
Imajinatzen duzue hauteskunde programa hobeago bat?