Zaila dirudi haurren hilketa masiboak eta Gabonetako espiritua bateratzea, baina tamalez lortu egiten dut. Gasteizko kaleetatik paseatzen konturatu naiz, bere garaian, beste gizarte batzuek ere zinismoa eta gizatasun eza erakutsi zutela, beste alde batera begiratu zutela (orain nik bezala), eta hainbat gertaera ezabatzea lortu zutela; adibidez, Amerikako indigena komunitateen genozidioan edo Alemaniako holokaustoan. Agian gure gizarteak hurbil ez dituen gizakien bizitza eta heriotza erlatibizatu dezake; nahiz eta hori ere erlatiboa izan, goizero entzun baitezakegu zenbat ospitale eta auzo bonbardatu dituzten Gazan azken orduetan. Hurrengo belaunaldiek une hau krudeltasunaren eta gaiztakeriaren erakusgarri jasanezin bat bezala ulertuko dutela espero dut, eta zerbait ikasiko dutela.
Bihozberatasun gabezia hemen ere egunero bizi dugu. Ohitu gara indibidualismo hutsez aurrera egitera, eta oso gutxitan begiratzen diogu gure inguruari. Horrela ez gara jabetzen izaki sozialak eta elkarren mendekoak garela eta gure bizitzak besteekiko harremanetan oinarritzen direla, baita jaiotzak eta heriotzak ere.
Gure heriotzari erreparatzen badiogu, ikus dezakegu giza komunitateak ez dituela bizitzaren bukaerak zaintzen. Arrazoi asko daude horretarako, baina, nire ustez, badago bat funtsezkoa: lehen aipatutako indibidualismoa.
"Gaur egun, gure herrialdean, duintasunez eta lasaitasunez hiltzea ez da erraza"
Hau ez da hausnarketa teoriko edo morala bakarrik. Gaur egun, Araban, duintasunez eta lasaitasunez hiltzea ez da erraza. Bizitzaren amaiera humanista izateko behar dugun espazio atsegin eta zaindua kasu gehienetan ez dago eskuragarri. Bere garaian zabaldu zen Zainketa Aringarrien Unitateak ozta-ozta betetzen ditu ospitaleko pazienteen beharrak, eta osasun sistema publikoa bere osotasunean krisialdi orokorrean murgilduta dago.
Zaindutako amaiera, ziur asko, gure bizitzaren benetako zentzua aldatzearekin dator. Horregatik, osasun arloko profesional batzuk gure herrialdeko erakundeetan proiektu bat aurkezten hasi gara. Helburua da arabarrak bere bizitzaren bukaeran leku lasai, babestu eta duina izatea, eta horretarako beharrezkoak diren baliabideak prestatzea. Duela pare bat aste Gorbeialdeko eta Zuiako ordezkari batzuekin elkartu ginen. Proiektua azaldu ondoren, hausnartu genuen herrietan ez ditugula hiriko zerbitzuak bakarrik garatu behar; agian, komunitate proiektu humanizatzaileak ere oso beharrezkoak dira. Duela urte dezente Mexikoko herrixka txikietan hortaz jabetu ziren eta komunitate errukitsuak martxan jarri zituzten, "utopia zehatzekin lorategiak landuz". Ea guk ere lortzen dugun.