«Gasteizko gizarte-etxeetako ikastaro-eskaintzan sartu, eta helduentzako ikastaro gutxi, oso gutxi topatu ditut euskaraz». Halaxe adierazi izan digute behin baino gehiagotan euskaltegiko hainbat ikaslek. Horrek bultzatuta egin dugu aste honetan ALEAn bertan atera den ikerketa, helduei eskaintzen zaizkien ikastaro eta lantegietan euskarak duen presentzia aztertzeko.
Eta emaitzak ez dira batere onak: erabatekoa da gaztelaniaren nagusitasuna, eta okerrera doa, gainera. Norabide horretan jarraituz gero, nekez aterako dira aurrera AROA Gasteizko Ekintza Plana 2024-2028 dokumentuan proposatutako hainbat erronka eta ekintza: «euskara ikasteko beharra sortu eta euskarari balioa eman», «motibazio pragmatikoa sustatzeko neurri berritzaileak aztertu»…
Gero eta ikerketa gehiagok agerian uzten dutenez (azkenetako bat, Siadecok HABErentzat egindakoa), "interesik edota beharrik eza" ari da nagusitzen euskara ikasteko hautua egiten ez duten helduen artean, eta hori zuzenean dago lotua motibazio pragmatikoari behar besteko garrantzia ez ematearekin. Izan ere, lan-mundurako ateak irekitzen dituzten hizkuntza-eskakizunetatik haratago, «motibazio pragmatikoa estuki loturik dago norbere garapen pertsonalean eta profesionalean euskaraz hitz egiteak hiztunari ekarriko dizkion onurekin» (Batuz aldatu dokumentua, Euskalgintzaren Kontseilua).
Hiztunak, funtsean, ikusi behar du euskarak balio erantsi bat duela, euskarak benetan balio diola lan-harremanetan, baina baita bestelakoetan ere: aisialdian, harreman pertsonaletan, eguneroko zereginetan... Zerikusi handia dute horretan instituzioetatik garatzen diren politika publikoek, eta horregatik da ezinbestekoa Gasteizko Udalaren euskarazko eskaintza orokorra urtez urte handitzea.
«Euskaraz bakarrik antolatu daitezkeen ekintzak»
Interes berezia pizten du AROA dokumentuan agertzen den proposamen horrek; hau da, euskaraz bakarrik antolatutako jarduera gehiago egotea gizarte-etxeetan.
Izan ere, ez dirudi oso nekeza talde pilotu batzuk abian jartzea; bereziki, hizkuntza-gaitasun handirik eskatzen ez duten jardueretan. Gizarte-etxeetako egungo eskaintza aztertuta, ordea, deigarri egiten da gaztelania hutsean eskaintzen direla beharbada euskara hutsean ere eskain litezkeen hainbat jarduera: mantentze-gimnasia, gure kantak, gorputz-lanketa arina, mugi zaitez musikarekin, oso gimnasia arina, yoga, aquagima (adinekoentzat), animatu eta zatoz kantatzera, country dantza…
Zer egin, beraz, bidea urratzen jarraitzeko? Bada, euskara hutsezko dinamika progresiboak ezarri eta, oro har, euskarazko eskaintza orokortu. Horrela lortuko litzateke, besteak beste, milaka hiztunek euskarazko gaitasuna handitzeko egiten duten ahalegina aitortzea, eta hurbilago geundeke elkarrizketa elebidunak naturalizatzetik, hori ere ezinbestekoa izango baita euskararen normalizaziorako bidean, gero eta ikerketa gehiagok iradokitzen dutenez.
Horrenbestez, Gasteizko Udalak ez diezaiela entzungor egin gasteiztar euskaldunei —eta hala bilakatu nahi dutenei—, eta jar ditzala bideak haien hizkuntza-eskubideak berma daitezen. Horrela, agian, euskaltegiko ikasleei ahots sendoagoarekin erantzungo diegu posible dela Gasteizen euskaraz bizitzea.
Imanol Miranda eta Jon Aranburu
Gasteizko IKA euskaltegiko zuzendaritza
Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.