Euskaraz ikasteko zailtasun handienak ez datoz hizkuntzaren ezaugarrietatik, testuingurutik baino. Euskara gutxitua dagoen gizarteak nekez irakatsiko die euskaraz biztanleei, hizkuntzan murgiltzeko aukerarik eman gabe. Hegemonikoa balitz naturalki ikasiko luke jendeak, bai bertakoek baita kanpotik etorritakoek ere.
Horregatik da garrantzitsua aukerak eskaintzea egunerokoan euskara erabiltzeko, ikasten ari direnei bereziki. IKA euskaltegiko irakasleek, adibidez, askotan bideratu izan dituzte ikasleak Gasteizko gizarte etxeetan antolatutako ikastaroetara, frogatu nahian euskarak balio diela askotariko ekintzak egiteko. Baina oso ikastaro gutxi topatu dituzte helduentzako euskaraz.
Kezka horretatik abiatuta, Gasteizko IKAko zuzendari Imanol Mirandak ikerketa egin du ikusteko zein leku ematen zaion euskarari Gasteizko Udalaren helduentzako eskaintzan. Haur eta nerabeei zuzendutako eskaintzan bai, euskarazko jarduerak dira nagusi, "ikusten da kezka dagoela eta arreta jarri diotela", Mirandaren esanetan. Berak helduei zuzendutakoa aztertu du zehazki, haien sektorea helduen euskalduntzea delako, eta susmoa zutelako eskaintza urria zegoela euskaraz.
Ondorioa argia da, gaztelaniak sekulako nagusitasuna du. Derrigor euskaraz izan behar duten jarduerak kenduta, euskara klaseak edo bertso eskolak kasu, eskaintzen diren jarduera guztien %81,3a ezin da euskaraz egin, gaztelaniaz bakarrik eman daiteke izena. Sortzen den talde kopurua ere aztertu du Mirandak, jarduera berean hainbat talde sortu daitezkeelako, eta alderdi honetan aldea are handiagoa da, euskararen kaltetan. 2025ean eskainitako 1.598 taldeetatik 83 besterik ez dira izan euskarazkoak, %5,19a.
Eskari faltaren mamua
Zenbatekoa izan beharko luke euskarazko eskaintzak? 2021eko inkesta soziolinguistikoaren arabera, gasteiztarren %40a euskara ulertzeko gai da, %20,7a da euskaldun eta %19,1a euskaldun hartzaile. Gasteizko IKAko zuzendari Jon Aranburuk gaitzetsi du udalak eskainitakoa ez dela "Gasteizko errealitate linguistikoaren isla" biztanleriaren gaitasunetik behera dagoelako.
Maria Nanclares Gasteizko Udaleko Euskara zinegotziari galdetuta, adierazi du hizkuntzen arteko desoreka dagoela jendeak ez duelako euskarazko ikastarorik eskatzen. "Euskarazko taldeak betetzen ez badira udalak baliabideak beste norabait bideratu behar ditu, diru publikoa ez xahutzeko". Udalak eskariaren arabera egokitzen ditu, beraz, ikastaroak, eta gehiago behar direnean gehiago jarri.
"Udalaren eskaintzak ez du islatzen Gasteizko errealitatea". Jon Aranburu, IKA euskaltegia
Baina ez dago argi zein datu hartu den oinarri gisa zehazteko zenbatekoa den euskarazko eskaria. Bi hizkuntzetan egin zitezkeen jardueren %18,7a besterik ez da euskaraz eskaini udalaren webgunean, beste guztiak ezin euskaraz eskatu beraz. Datorren urtekoak zehazteko erreferentzia gisa aurtengoak hartuz gero, itxura emango du ez dela eskaririk egon, baina pentsa liteke pertsona asko behartuak egon direla hainbat jarduera gaztelaniaz egitera, euskaraz jaso nahiko lituzketen arren.
Nanclaresek azaldu du 16-24 urtekoen taldea dela euskara gehien dakiena Gasteizen, eta datozen urteetan eraldaketa ekarriko duela euskaraz eskatzen den ikastaro kopuruan. Hala ere, bilakaera negatiboa dela ohartarazi dute IKAko kideek. Izan ere, 2023an ere aztertu zuten udalaren helduentzako eskaintza, eta "joera kezkagarria" ikusi dute. Bi urtetako lagina txikiegia da bilakaera prozesu luzeak antzemateko, baina ikusi da eremu askotan euskarazko eskaintzak behera egin duela 2023-2025 epean.
Urrutiko ikastaroak hamalau
Elebitan ere eskaintzen ditu udalak jarduera batzuk, 132 talde guztira, bi hizkuntzak nahasian erabiliko direla iragarrita. Mota hauetakoei buruzko ikerketa zehatzik ez badago ere, zantzuak daude pentsatzeko gehienetan gaztelera hutsezkoak izaten direla talde hauek. Ez da harritzekoa, euskarazko jardueretan ere gertatzen baita.
Bergoi Madernazi, adibidez, azken hiru urteetan jarraian gertatu zaio euskaraz iragarritako ekintzara iritsi eta gaztelaniaz izatea. Izena emandako baten batek euskaraz ez zekielako, begiraleek ez dutelako maila nahikoa izan euskaraz emateko, ikastaro hasieran begiraleak hizkuntza aukeratzea eskaintzen duelako... arrazoi ugari egon daitezke, baina irizpide falta salatu du udalaren aldetik. "Oso nekeza da erabiltzaile bezala behin eta berriz aldarrikatu beharra zure hizkuntza eskubideak. Estres linguistikoarekin noa jada, jakinda istilua izan dezakedala begiralearekin edo beste erabiltzaileekin, euskaraz egin nahi dudalako euskaraz eskaini den ekintza bat".
Maddalen Agirrek joskintza ikastaroak eman ditu urte askoan, euskaraz, Gasteizko Udalaren ikastaroen baitan. Han ere izan ditu arazoak, ikasleren batek euskaraz ulertzen ez zuela-eta gazteleraz egiteko eskatuta. "Total, todos sabemos castellano". Euskararekin irmo mantentzeko beharra aldarrikatu du, eta berak ere kritikatu du udalaren partetik irizpide argien falta, ez baita erosoa irakasle gisa paper hori hartu behar izatea.
Ulermen maila altua ez dutenekin zailagoa da klasea ematea, baina hala ere Agirrek adierazi du garrantzitsua dela hasiberriek ere lekua izatea euskarazko ikastaroetan, hizkuntzan murgiltzeko gunea izan dezaten. Nanclares zinegotziak ere ikastaroetan euskaraz izen ematera deitu ditu hizkuntza ikasten ari direnak.
Kontrol mekanismoak eskatu dituzte IKAko kideek, jakiteko benetan zein hizkuntza erabiltzen den ikastaroetan, eta kontuak eskatu ahal izateko udalari, edo azpikontratatutako enpresei, euskarazko eskaintza errespetatzen ez denean. Orain arte ez da ondoriorik ikusi.
Beharra ase edo sortu
Euskara zerbitzu batek lan egin dezake soilik euskaldunon eskubideak errespetatu daitezen, errealitatera egokitu eta egun dauden beharrak asetzeko. Edo harago joan daiteke, eta errealitatean eragiten saiatu, euskalduntzea sustatu, eta jendeari euskarara hurbiltzeko beharra sortu.
Mirandaren arabera, azkenaldiko hizkuntza politika orokorretan "beharra elikatzeko politikak falta dira, lanpostuetan eskatzeaz gain". Euskaltegian euskara irakasteaz gain erabilera sustatzen ere saiatzen direla dio. "Konbentzitu nahi ditugu honek balio diela bizitzarako, baina egia izan behar du".
Gasteizko Udalak euskararen sustatzaile izateko konpromisoa hartua du. Hala bada, Aranbururen esanetan, "inkesta soziolinguistikoaren datuetatik gora ibili behar du beti, eskarira egokitzea baino gehiago egin behar du, erabilera bultzatu". Baina nola sustatzen da beharra? Nola lortu heldu gehiagok parte hartu nahi izatea euskarazko ikastaro eta ekintzetan?
"Beharra sortzeko neurriak Falta dira hizkuntza Politika orokorretan". Imanol Miranda, IKA euskaltegia
Aukera ugari agertu dira izandako elkarrizketetan. Lehenik eta behin, noski, euskarazko eskaintza orokortzea, aukera egon dadila ekintza guztiak, edo gehienak, euskaraz egiteko. Bestalde, euskarazko eskaintzaren propaganda gehiago egin daiteke, edo merkeago eskaini, erakargarriagoa izan dadin. Euskarazko taldeak osatzeko pertsona kopuru minimoak jaisteak ere izango luke eragina. Noski, irakasleen euskara maila bermatzearekin batera, benetan euskaraz egin dezaten.
IKAtik proposatu dute, proiektu pilotu gisa agian hasieran, hizkuntza gaitasun handiegirik eskatzen ez duten jarduerak euskara hutsean eskaintzea, jendeari beharra sortzeko. "Ondo ez ulertzearen hasierako deserosotasuna gaindituz gero, fruitu oso onak ematen ditu", Mirandaren hitzetan. Den-dena ulertu gabe ere ederki konpontzen direla. Baina, noski, "nola lortu norbaitek pauso hori ematea, aukera ere eskaintzen ez badiozu?".