Egunero IKAsten delako #19

Erabiltzailearen aurpegia IKA Gasteiz 2024ko eka. 20a, 12:00

Aurten euskararen erabileraren inguruko gomendioak proposatuko dituzte Gasteizko IKAko lagunek. Horrekin batera, beste sorpresa batzuk izango ditugu elkarlaneko atal berezi honetan. Hona hemen hemeretzigarren atala:

Hilabeteetako lan eta sakrifizioaren ostean iritsi da eguna azkenean. Urduritasuna eta poza sentitzen ditut, baita ezinegon txikia ere. Oposizioen programazio eta unitate didaktikoaren defentsa ailegatu da. Ezin dut sinetsi! 

Bikotearekin batera autoan montatu eta Bilboko bidea hartu dugu. Tribunala dagoen eskolara iristean tribunaleko pare bat kiderekin topo egin dut. Atseginak izan dira. Agurtu eta jada gutxiago falta zaidala gogorarazi didate.

Epaimahaikideak dauden gelara sartu eta unitate didaktikoaren zozketa egin ostean ordu eta laurden izan naiz ondoko gelan defentsa prestatzen. Minutuak luzeak egin dira. Urduritasunak ez du laguntzen, noski. 

Asko dago jokoan. Lanpostu finkoa sare publikoan. Bi urte jo eta ke lanean eta zein denbora laburrean erabakitzen den dena...

Mitxel Elortza, 'EPE (I) baino hotzago' ALEA. 2024-06-07

ERREPARATU HONI

-T(Z)EAN, -T(Z)ERAKOAN
  • -t(z)ean eta -t(z)erakoan egiturek denbora- aldiberekotasuna adierazten dute. Denbora berean gertatze horretan, ordea, ñabardurek zeresana dute:
  • Gertakariaren hasierako uneari badagokio aldiberekotasuna (‘hasteko unean / hastera doan unean’, alegia), -t(z)erakoan darabilte euskaldun askok (beti da zilegi -t(z)ean): Jangelatik irteterakoan (irtetean), atea ezin aurkiturik ibili da.
    • -t(z)erakoan atzizkiak, ordea, ez du tokirik ZERTAN balioan: *Bakoitzari berea ematerakoan (ematean) datza justizia.
  • Ekintza batek dirauen bitarteko aldiberekotasuna adierazteko, -t(z)ean da erabiltzekoa (testuinguru horretan t(z)erakoan ere erabiltzen dutenak gero eta gehiago badira ere): Hitz egitean (hitz egiterakoan), eskuak gora eta behera mugitzen zituen.
  • Aldiberekotasunaren amaiera, -t(z)ean  ez ezik, -takoan ere erabili daiteke: Filma amaitzean (amaitutakoan), kalera irten ginen

Iturria: Euskaltzaindia.eus


Ohean sartzerakoan lo seko geratu zen. Ohean sartzean / sartutakoan lo seko geratu zen.
Baloia saskian sartzerakoan datza kirol hau. Baloia saskian sartzean datza kirol hau.
Dantzatutakoan gerrari ederki eragiten zion. Dantzatzerakoan  / dantzatzean gerrari ederki eragiten zion.

  Datozen hilabeteetan, ekainaren 28ra bitartean, astero galdera berri bat botako digute IKAko lagunek. Denbora tarte horretan galdera zuzen gehien erantzuten duen lagunak Errigora saski zoragarri bat irabazteko aukera izango du.
Prest al zaude zure ezagutza frogatzeko? 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago