Iritzia

EPE (l) baino hotzago

Erabiltzailearen aurpegia Mitxel Elortza Exea 2024ko eka. 8a, 10:00

Argazkia: EITB

"Epaimahaikideei begiratu diet. Seriotasuna. Ez dago irribarrerik. Ez dago keinurik"

Duela pare bat hilabete bizi izan nuen esperientzia partekatuko dizuet gaurkoan.

Hilabeteetako lan eta sakrifizioaren ostean iritsi da eguna azkenean. Urduritasuna eta poza sentitzen ditut, baita ezinegon txikia ere. Oposizioen programazio eta unitate didaktikoaren defentsa ailegatu da. Ezin dut sinetsi!

Bikotearekin batera autoan montatu eta Bilboko bidea hartu dugu. Tribunala dagoen eskolara iristean tribunaleko pare bat kiderekin topo egin dut. Atseginak izan dira. Agurtu eta jada gutxiago falta zaidala gogorarazi didate. Epaimahaikideak dauden gelara sartu eta unitate didaktikoaren zozketa egin ostean ordu eta laurden izan naiz ondoko gelan defentsa prestatzen. Minutuak luzeak egin dira. Urduritasunak ez du laguntzen, noski.

Asko dago jokoan. Lanpostu finkoa sare publikoan. Bi urte jo eta ke lanean eta zein denbora laburrean erabakitzen den dena...

Defentsa urduri hasi dut. Trabatu egin naiz pare bat bider eta konfiantza falta zaidala sentitzen dut. Epaimahaikideei begiratu diet. Seriotasuna. Ez dago irribarrerik. Ezta konplizitate keinurik ere. Eta horrela izan da aurkezpena luzatu den ordubete luzean.

"Noizbait tribunalkide izatea egokitzen bazait, badakit nola ez dudan jokatuko"

Amaitu da azkenean. Ez dago galderarik. Nire gauza guztiak batu eta eskerrak emanez gelatik atera naiz. Zaila da sentsazioa azaltzen. Ez naiz eroso sentitu eta sartu naizen hamaika zalantzekin atera naiz. Irakasleak dira tribunalean egotea egokitu zaienak. Nire lankideak izan zitezkeen. Baina hotzak izan dira, oso serioak. Baretu baino gehiago urduritu naute. Momentu batean haiek nire egoera berean egon direla pentsatze hutsak amorratu egiten nau. Horren azkar ahazten ote da dena?

Gizaki batzuen gabeziek euren hutsunea besteen aurka jotzera eramaten ditu. Baina, zer nezesidade?

Ondorioa argia da: noizbait tribunalkide izatea egokitzen bazait, badakit nola ez dudan jokatuko. Gezurra dirudi irakasleok horrelako jarrera izatea. Adimen emozionala eta enpatia beste lekuren batean geratu dira, antza.

Ikasleei eman beharreko atzeraelikadurari buruzko ikastaroak jasotzen ditugu baina gero EPEetan ez digute inolako feedback-ik ematen. Erreklamazioak aurkeztu arren ez dizute inolako azalpenik ematen. Baina gero programazioan errekuperazioak nola planteatu azaltzea dagokigu.

Zinez, sistema eta rol hauek errotik aldatu behar dira. Etorkizuneko irakasle eta ikasleek eskertuko digute. Ni gaurkoan, EPE(L) baino hotzago.

Mitxel Elortza.

 

Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago