Egunero IKAsten delako #17

Erabiltzailearen aurpegia IKA Gasteiz 2024ko eka. 6a, 12:00

Aurten euskararen erabileraren inguruko gomendioak proposatuko dituzte Gasteizko IKAko lagunek. Horrekin batera, beste sorpresa batzuk izango ditugu elkarlaneko atal berezi honetan. Hona hemen hamazazpigarren atala:

Seme-alaba perfektuak nahi dituzten gurasoek eta horren inguruan pentsatu ere egin ez dugunok, beren eta gure ondorengoen zoriontasuna bilatzen dugu zalantzarik gabe. Eta horretarako tresna baldintzarik gabeko maitasuna da. Aspektu askotan egin du hobera gizarteak, bai, baina indibidualismoa garatu da aldi berean. Gutxi bezain beharrezkoak diren garaiotan, ahantzi egin dira sasoi bateko atsolorraren baitan ematen ziren zaintza, maitasuna edota konfiantza-sareak. Atzerako kontaketan sartuta gaude jada. Gero eta gertuago dugu momentua. Hurran dugu elkar ezagutzeko unea. Berehala dugu hiru dimentsiotan eta bost zentzumenak tarteko, elkar sentitzeko, maitatzeko eta zaintzeko lehenengo liparra. Ni ez naiz perfektua eta zu ere ez zara hala izango. Baina guztiok bezalaxe, bakarra eta errepikaezina izango zara. Eta horrexegatik izango naiz zure atsolorra.

Aintzane Urrutia, 'Atsolorra,' ALEA. 2024-05-24

ERREPARATU HONI

ELKAR

Elkar izenordainak elkarrekikotasuna adierazten du (Nik zu ikusi, zuk ni ikusi = elkar ikusi). Horrelakorik ez denean, desegokia da elkar erabiltzea: *Guztiok elkarren desberdinak gara (Guztiok desberdinak gara).

Bata bestea moldea ere erabiltzen da elkarrekikotasuna adierazteko. Elkarri begira daude = Bata besteari begira daude. Bata bestetik bereizteko, egokia da = Elkarrengandik bereizteko, egokia da.

Esaldi trakestzat jo behar dira bide okerreko hauek: *Elkar etorri dira: Elkarrekin (norekin...), *Elkarrik bazkalduko dugu (Elkarrekin...). *Ez dute elkar hitz egiten. Ez diote elkarri...(nori) / Ez dute elkarrekin...(norekin).

Zuzentzekoa da numero-komunztadura ere era honetakoetan, singularra baitagokio beti: Ikasitakoaren berri ematen diote (*diete) elkarri. Elkar ikusiko dugu (*ditugu).

NOR-NORK aditz-sistemaren ordez NOR sistemarako joera gero eta handiagoa da (ikusiko gara), baina egokiagoa da elkar izenordainarekin osaturikoari ematea lehentasun: Ikusiko dugu elkar.

Iturria: Euskaltzaindia.eus


Elkar hurbildu arte, ez ginen ezagutu. Elkarrengana hurbildu arte ez genuen elkar ezagutu.
Asko ikasten dugu elkar. Asko ikasten dugu elkarrengandik/elkarrekin.
Eskua elkarri eman zieten. Eskua elkarri eman zioten.

  Datozen hilabeteetan, ekainaren 28ra bitartean, astero galdera berri bat botako digute IKAko lagunek. Denbora tarte horretan galdera zuzen gehien erantzuten duen lagunak Errigora saski zoragarri bat irabazteko aukera izango du.
Prest al zaude zure ezagutza frogatzeko? 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago