Bitik bat ala batetik bi, bitxia da benetan erditzea. Jazoera zinez berezia da. Apartekoa kasik; izan ere, munduratze eta munduratzen den bakoitza, biak ala biak, bakarrak eta errepikaezinak dira.
Ez naiz ni noizbait teila buruan zutela etxetik atera behar izan ziren emakumeen garaian erditu duena, baina denbora luze igaro da neure burua halako gertaera batean aurrean aurkitu nuenetik. Hala ere, abentura berrian sartuta nago jada. Horrela, urte gutxiren bueltan, haurdunaldia, haur egitea edota erdiondoko kontuak asko aldatu direla ikusi dut. Bilakaera horretan, protagonismoa eta ahotsa berreskuratu ditugu emakumeok, bai, baina atsolorraren erritua jarraitzen zeneko emakumeen arteko zaintza-sare hartatik urruti gaude oraindik.
Egungo jendartean alor guztietara iristen dira lehia eta itxurakeria. Bada, seingintza eta haur jaioberrien (eta ez horren berrien) heziketa modua ere ez dira horretatik kanpo geratu. Heziketa hori modu hobeezinean aurrera eramateko gainera, zinez erakargarriak diren gomendioak, aukerak, ereduak… edozein aldetatik iristen zaizkigu guraso berri (eta ez horren berri) ezjakinoi.
AEBetako Ohioko Unibertsitateko kide diren Bernadette Melnyk eta Kate Gawlik ikertzaileen arabera, heziketa perfektua jasoko duen seme edo alaba perfektua izateko nahiak, neke fisiko eta emozionalak jotako gurasoak sortu omen ditu. Hortaz, gaurko haurrak lorpenetan oinarritzen den kulturan bizi dira, eta horrek, estresa, antsietatea edota jarrera eta osasun-mental arazoak eragiten omen dizkie. Antza, gurasook ditugun espektatibak dira arrazoia, eta sare sozialak, hori areagotzeko tresna perfektua.
"Aspektu askotan egin du hobera gizarteak, bai, baina indibidualismoa garatu da aldi berean"
Ziur nago seme-alaba perfektuak nahi dituzten gurasoek eta horren inguruan pentsatu ere egin ez dugunok, ondorengoen zoriontasuna besterik ez dugula bilatzen. Tamalez baina, aldamenekoari (edo pantailari) begira egotearekin batera, ahaztu egin dugu hori lortzeko tresna eraginkorrena baldintzarik gabeko maitasuna dela, betiere mugak derrigorrezkoak direla ahantzi gabe, jakina. Gizarteak aspektu askotan egin du hobera bai, baina aldi berean, indibidualismoa nabarmendu. Gutxi bezain beharrezkoak direla gero eta argiago dagoen garaiotan, desagertu egin dira zoritxarrez sasoi bateko atsolorraren baitan ematen ziren elkar-zaintza, maitasuna edota konfiantza-sareak.
Atzerako kontaketan sartuta gaude jada. Gero eta gertuago dugu momentua. Hurran dugu elkar ezagutzeko unea. Berehala dugu hiru dimentsiotan eta bost zentzumenak tarteko, elkar sentitzeko, maitatzeko, babesteko eta zaintzeko izango dugun lehenengo liparra. Ni ez naiz perfektua eta zu ere ez zara izango. Baina guztiok bezalaxe, bakarra eta errepikaezina izango zara, eta ni berriz, beti izango naiz zure atsolorra Anje.
Aintzane Urrutia.
Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.