Egunero IKAsten delako #16

Erabiltzailearen aurpegia IKA Gasteiz 2024ko mai. 30a, 12:00

Aurten euskararen erabileraren inguruko gomendioak proposatuko dituzte Gasteizko IKAko lagunek. Horrekin batera, beste sorpresa batzuk izango ditugu elkarlaneko atal berezi honetan. Hona hemen hamabigarren atala:

Imajina dezaket milaka urteko garai luze batean gizakiek bizitzan zehar izaten zituzten aldaketek bazutela arrazoi bat, eta ikusmena, adibidez, biziraun eta mundua ulertu ahal izateko egokitzen zela zituen beharretara. Imajinazioaren jolas utopiko batean, ez litzateke begietako gaixotasunik egongo. Pentsa ezazue gure ikusmena une bakoitzeko egoerara moldatuko balitz: egunerokotasunak ito egiten gaituenerako, errealitatea desitxuratzen lagunduko digun astigmatismoa izango dugu; gertukoari kasu gehiago egin behar diogunean, miopiak lagunduko digu, eta ez gara galduko urrun daukagunarekin; aldiz, adin batera helduta, aurrera begiratu behar dugunean, gauza txiki gertukoak ezagutu ostean, presbizia etorriko zaigu urrunera joan ahal izateko.

Itziar Rekalde, 'Nora begiratu, hura ikusi' ALEA. 2024-05-17

ERREPARATU HONI

ZENBATZAILEAK / NOLAKOTASUNA

NOLAKO galderari erantzuten dioten gisa honetako sintagmak dira batzuk: hiru hankako mahaia, bost orriko txostena, lau laguneko taldea, etab.

Zenbatzailea + izena ('adina, prezioa, neurria, pisua...' adierakoa) + -(ta)ko > izenlagun-egitura dute beste batzuek. Horietan ere -ko mugatu singularra dago hobetsita. Arrazoia: NOLAKO eta ZENBATEKO baliokideak dira horrelakoetan. Zenbakiak neurri-unitate baten (urte, euro, metro, segundo...) biderkatzea baino ez du adierazten.

—Zenbat urteko umea? —Bi urteko umea. *Zenbat urtetako umea?

—Zenbat kilometroko bidea? —Hiru kilometroko bidea.

Bide beretik: bost euroko aldizkaria, hamar metroko etxea, bost zentimetroko altuera, zazpi segundoko isilunea.

Zenbaitetan, -ko/-tako bikoteaz baliatzea ezinbestekoa izan dezakegu bereizketak egiteko: zazpi urteko ardoa (botilan dagoen ardoak zazpi urte ditu), zazpi urtetako ardoa (ardoa zazpi urtetan, ez zortzitan bildua izan da) eta zazpi urteetako ardoa (aldez aurretik ezagutzen ditugun zazpi urte diferenteetan zehar bilduriko ardoa).

Iturria: Euskaltzaindia.eus


Gure aldizkaria 40 orrialdetakoa da. Gure aldizkaria 40 orrialdekoa da.
Zenbat ordutako ikastaroa egingo duzu?. Zenbat orduko ikastaroa egingo duzu?
100 kilotako harria jaso zuen. 100 kiloko harria jaso zuen.

  Datozen hilabeteetan, ekainaren 28ra bitartean, astero galdera berri bat botako digute IKAko lagunek. Denbora tarte horretan galdera zuzen gehien erantzuten duen lagunak Errigora saski zoragarri bat irabazteko aukera izango du.
Prest al zaude zure ezagutza frogatzeko? 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago