Iritzia

Nora begiratu, hura ikusi

Erabiltzailearen aurpegia Itziar Rekalde 2024ko mai. 18a, 10:12

"Antza denez, behin adin batera helduta, txikia, oinarrizkoa albo batera utzi behar dugu"

Datorren astean, Edu Zelaieta lagunak Presbiziak lagundu omen digu azken liburua aurkeztuko du Gasteizen, Poetak Maiatzean jaialdiaren barruan. Laguntzeko eskatu dit, eta ni pozik nabil berarekin haren poemetatik bidaiak egiten. Berarentzat esperientzia berria dena aspaldi tokatu zitzaidan niri: presbiziaren olatu gainetik surfeatzen egotea. Antza denez, behin adin batera helduta, txikia, gertukoa, partikularra, oinarrizkoa albo batera utzi behar dugu, eta aro berrian sartzen gara non mundua, gauzak, paisaiak, lagunak eta errealitatea orokortasunean ikusteko aukera bakarra geratzen zaigun.

Imajina dezaket milaka urteko garai luze batean gizakiek bizitzan zehar izaten zituzten aldaketek bazutela arrazoi bat, eta ikusmena, adibidez, biziraun eta mundua ulertu ahal izateko egokitzen zela zituen beharretara. Imajinazioaren jolas utopiko batean, ez litzateke begietako gaixotasunik egongo. Pentsa ezazue gure ikusmena une bakoitzeko egoerara moldatuko balitz: egunerokotasunak ito egiten gaituenerako, errealitatea desitxuratzen lagunduko digun astigmatismoa izango dugu; gertukoari kasu gehiago egin behar diogunean, miopiak lagunduko digu, eta ez gara galduko urrun daukagunarekin; aldiz, adin batera helduta, aurrera begiratu behar dugunean, gauza txiki gertukoak ezagutu ostean, presbizia etorriko zaigu urrunera joan ahal izateko.

Errealitatean, ordea, begietako gaixotasun larriak daude, eta oftalmologiaren aurrerakuntzek ez dute oraindik denetarako konponbiderik lortu. Baina badira, begietako gaixotasunik gabe, daltonikoak direnak, hainbat kolore ikusteko gai ez direnak. Badira, itsuak izan gabe, itsu-itsuan dabiltzanak. Ni presbiziatik kataratetara noa laster, ur-jauzietara. Tartean, ezkerreko begian erretina askatu zitzaidan, eta, ebakuntzaren ostean, ezkerreko aldetik begiratuz gero, argiak kaleidoskopio efektuaz ikusten ditut. Eskuinekoa bakarrik zabaltzen dudanean, dena lauso ikusten dut. Horrela nabil, ezkerreko utopiatik eskuineko distopiara.

Itziar Rekalde.

Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago