Egunero IKAsten delako #15

Erabiltzailearen aurpegia IKA Gasteiz 2024ko mai. 23a, 12:00

Aurten euskararen erabileraren inguruko gomendioak proposatuko dituzte Gasteizko IKAko lagunek. Horrekin batera, beste sorpresa batzuk izango ditugu elkarlaneko atal berezi honetan. Hona hemen hamabigarren atala:

La Chimeran, berezkoa duen idazkera liriko eta poetikoarekin logika narratibo tradizionalak hautsi ditu beste behin, kontaketa mitologikoaren alde eginez. Mamu izaera duten tombaroli lapurren abenturek trobalariek abestu ohi zituzten kantu homerikoen bidez egingo dute aurrera, pelikula analogikoen arima hilezkorra, kamera arinaren bizitasuna eta musika elektroniko zein operistikoaren uztarketa lagun.

Bada, lehen instantzian errealismo gordina iradokitzen duten irudiek alegiazko mundura egingo dute aldaketa, konturatu orduko, bertatik egiterik izango ez dugun dimentsio magikora. 

Lapurretak, negozio ilunak, azpi-jokoak eta festak ez dira faltako filmean, baina sentimenduek ere beren tokitxoa dute. Gaizkile txikiak izanagatik ere, beste ezer baino lehen, gizatiarrak baitira pertsonaiak.

Ander Makazaga, 'La Chimera', ALEA, 2024-05-10

ERREPARATU HONI

EZER EGITERIK ≠ ZER EGINIK

Bi egitura hauek ezberdindu beharko genituzke, maiz arazoak sortzen dituzte eta.

- Ez ukan / eduki (izan/egon, forma inpertsonalean) -t(z)erik: "Ez daukat ezer egiTERIK". "Ez dago ezer egiTERIK".

Adibide horiek nominalizatuta dagoen aditzak azaltzen duen ekintza EZIN dela bete edo burutu adierazten dute: Ez daukat EZER EGITERIK = Ezin dut / ez dezaket /ezin dezaket ezer egin.

- Ez ukan/eduki (izan/egon, forma inpertsonalean) + galdetzailea + -(r)ik: "Ez daukat zer eginik". "Ez dago zer eginik".

Azken bi adibide horiek, berriz, ez dute ezintasunik adierazten. Galdetzaileak adierazten duenaren falta jakinarazten digu: "Ez daukat ZER EGINIK. Zerbait egin nahi badut ere, ez dut ezer aurkitzen egin ahal izateko".

Honez gain, esan beharra dago bi egitura hauek ezin direla nahastu:

*Ez daukat zer esaterik. (zer esanik)

*Ez daukat ezer esanik. (ezer esaterik).

Iturria: Euskaltzaindia.eus


Gai horri buruz, ez daukagu ezer esanik. Gai horri buruz, ez daukagu zer esanik.
Egoera honen aurrean, ba al daukagu zer egiterik. Egoera honen aurrean, ba al daukagu ezer egiterik?
Aspertuta gaude, bulegoan ez baitaukagu ezer eginik. Aspertuta gaude, bulegoan ez baitaukagu zer eginik.

  Datozen hilabeteetan, ekainaren 28ra bitartean, astero galdera berri bat botako digute IKAko lagunek. Denbora tarte horretan galdera zuzen gehien erantzuten duen lagunak Errigora saski zoragarri bat irabazteko aukera izango du.
Prest al zaude zure ezagutza frogatzeko? 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago