Egunero IKAsten delako #13

Erabiltzailearen aurpegia IKA Gasteiz 2024ko mai. 9a, 12:00

Aurten euskararen erabileraren inguruko gomendioak proposatuko dituzte Gasteizko IKAko lagunek. Horrekin batera, beste sorpresa batzuk izango ditugu elkarlaneko atal berezi honetan. Hona hemen hamabigarren atala:

"Telebista piztearekin batera galdetu zuen gonbidatuak zein genuen kanalik gustukoena. ETB3, erantzun zuen gure mutikoak. ETB3?, galdetu zuen, nabarmen harriturik, neskatxak. Ba, niri Boing gustatzen zait. Esan gabe doa orduan, gaur egun bezala, askoz gehiago ikusten zela Boing ETB3 baino. Haurrei (erabiltzen zituzten marrazki bizidunen erreferentziak) entzutea besterik ez zegoen. Eta ez dago.

Estatistikek ziztatuta etorri da Pessoa halako batean, bederatzi urte geroago: nolatan ezkon daiteke EAEko katerik ikusienak (helduen artean) Telecinco eta (haurren artean) Boing izatea hauteskundeetako emaitzen aurreikuspenarekin? (Erantzuna ez dakit nik, baina gonbidatu hura etorri eta gero hasi zen Boing eskatzen gurean)!".

Edu Zelaieta Anta, 'Nolatan ezkondu', ALEA, 2024-04-19

ERREPARATU HONI

PASIBOA

Gaztelaniaren kalkoz —hark darabilen por preposizioaren euskal ordaina eman nahian, - tik, -gandik, -gatik atzizkiak erabilita—, sarri, hutsegiteak egiten direla edo esaldi anbiguoak sortzen direla molde pasiboarekin:

*Arazo hori Osakidetzatik ere kontsideratua izan da (Osakidetzak ere kontsideratu du arazo hori).

*Herriko biztanle guztiengandik ikusia izan zen (Herriko biztanle guztiek ikusi zuten. Herriko biztanle guztiek ikusia izan zen). Nigatik esana da aspaldi esaldia zuzena da adiera honetan: Ni(re)gatik —ni naizela kausa— norbaitek esan du (zerbait) aspaldi. Baina ez da zuzena egiletasuna adierazi nahi denean (gaztelaniazko "dicho por"); hala denean, honela behar du: Nik esana da aspaldi. Nik esana dut aspaldi. Eta ez: *Nigatik esana da aspaldi. 

Bereizketa bera egin beharra dago Nigatik egina da, Nigatik idatzia da eta antzekoetan.

Iturria: Euskaltzaindia.eus


Agintariengatik berretsia izan da emaitza. Agintariek berretsi dute emaitza.
Gugandik asmatua izan zen zurrumurru hura. Geuk asmatu genuen zurrumurru hura.
Aldizkari hau euskaltzaleengandik irakurria da. Aldizkari hau euskaltzaleek irakurtzen dute.

  Datozen hilabeteetan, ekainaren 28ra bitartean, astero galdera berri bat botako digute IKAko lagunek. Denbora tarte horretan galdera zuzen gehien erantzuten duen lagunak Errigora saski zoragarri bat irabazteko aukera izango du.
Prest al zaude zure ezagutza frogatzeko? 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago