Aspaldiko pasarte bat berritu dugu gaur etxean, semeak 7 urte zituen garaikoa. Orduan auzoko eskolan gelakide zen neskatxa bat etorri zen gurera arratsalde pasa –semea ere joana zen noizbait harenera–. Lehenbizi, jostetan aritu ziren bi haurrak; geroago, merienda hartu zuten; azkenik, telebista aurrean jarri ginen hirurok.
Telebista piztearekin batera galdetu zuen gonbidatuak zein genuen kanalik gustukoena. ETB3, erantzun zuen gure mutikoak. ETB3?, galdetu zuen, nabarmen harriturik, neskatxak. Ba, niri Boing gustatzen zait. Esan gabe doa orduan, gaur egun bezala, askoz gehiago ikusten zela Boing ETB3 baino. Haurrei (erabiltzen zituzten marrazki bizidunen erreferentziak) entzutea besterik ez zegoen. Eta ez dago.
Estatistikek ziztatuta etorri da Pessoa halako batean, bederatzi urte geroago: nolatan ezkon daiteke EAEko katerik ikusienak (helduen artean) Telecinco eta (haurren artean) Boing izatea hauteskundeetako emaitzen aurreikuspenarekin?
(Erantzuna ez dakit nik, baina gonbidatu hura etorri eta gero hasi zen Boing eskatzen gurean).
Edu Zelaieta Anta.
Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.