Egunero IKAsten delako #11

Erabiltzailearen aurpegia IKA Gasteiz 2024ko api. 18a, 12:00

Aurten euskararen erabileraren inguruko gomendioak proposatuko dituzte Gasteizko IKAko lagunek. Horrekin batera, beste sorpresa batzuk izango ditugu elkarlaneko atal berezi honetan. Hona hemen hamaikagarren atala:

"Duela denboratxo bat Filmin-en Jane Jacobs aktibista estatubatuarrari buruzko dokumental bat ikusi nuen. 'Citizen Jane: Battle for the City' (hiriaren aldeko bataila) du izena, eta hiriespazioek komunitatearentzat duten garrantzia ikusarazteko egin zuen lanaz hitz egiten du. Laburbilduz, zein garrantzitsua den hiri bat ondo antolatua izatea, ez-leku bat bihur ez dadin.

Jacobsi hiriko kaleak gustatzen zaizkio. Bere ustez, hiriko kaleak jendetsuak izan behar dira, eta inguruko etxebizitzek haiei begira egon behar dute, besteak beste, kontenplazio-guneak ere badirelako. Hala dio: Beste gizaki batzuen kontenplazioak gizakiengan duen erakargarritasuna, bitxia badirudi ere, hirigileek eta arkitektoek ezagutzen ez duten gertaera da. Baina egia da. Bizirik dagoen kale batek erabiltzaileak eta begiraleak ditu aldi berean".

Cira Crespo, 'Ez-lekuak', ALEA 2024-04-05

ERREPARATU HONI

ERE

1. Erek aurretik sintagma edo osagai bat behar du beti. Beraz, ez da inoiz perpausaren hasieran jartzen. *Ere joan gaitezke hondartzara (Hondartzara ere joan gaitezke).

2. Erabilera ohikoenean, ere ez da jarri ohi aditz jokatu atzizkigabe baten ondoren: Mikel ere etorri da / Mikel etorri da ere. Etorri den lankidea ere bilbotarra da / Etorri den lankide berria bilbotarra da ere.

3. Aditza osorik —edo gutxienez aditz laguntzailea— ezabatzen denean,ere partikularen ondoren, BAI edo EZ behar du esaldiak: —Ogia nahi al duzu? —Bai, eta txokolatea ere bai. (*—Bai, eta txokolatea ere).

4. Ereren ondoren aditz sintetiko bat baldin badator (daki, dator, dut...), ere ezin da galdegaiaren lekuan jarri (ere sekula ez da galdegaia). *Nik ere dakit  (Nik ere BAdakit). *Ni ere noa hondartzara (Ni ere BAnoa hondartzara).

Iturria: Euskaltzaindia.eus


*Ere irakurri nuen pasa den asteko ALEAn. Pasa den asteko ALEAn ere irakurri nuen.
Irunen izan ginen eta Baionan *ere. Irunen izan ginen eta Baionan ere bai.
Zuek *ere daukazue zozketan parte hartzeko aukera. Zuek ere badaukazue zozketan parte hartzeko aukera.

  Datozen hilabeteetan, ekainaren 28ra bitartean, astero galdera berri bat botako digute IKAko lagunek. Denbora tarte horretan galdera zuzen gehien erantzuten duen lagunak Errigora saski zoragarri bat irabazteko aukera izango du.
Prest al zaude zure ezagutza frogatzeko? 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago