Dagoeneko aurkeztu dituzte Arabarako hautagaien zerrendak; guztiek erabili dituzte eszenatoki argitsu eta koloretsuak, eta telebistan agertu dira irribarretsu eta ziur. Herrialdeko zerrendaburu gehienak gizonak eta gazteak dira, alde horretatik ez dago disonantzia handirik alderdien artean. Batzuk euskaldun petoak dira; beste batzuk ez hainbeste; gehienak unibersitateko tituludunak.
Halako gauzekin konturatzen naiz beste mende batekoa naizela. Bai. Pasa den mendean, legebiltzarrerako Herri Batasuneko zerrendan parte hartu nuen. Orduko kanpainak oso ezberdinak ziren. Araba zeharkatzen genuen karabana prekario batekin, eta herrietako militanteek ekitaldiak prestatzen zituzten.
ERREPARATU HONI
DAGOENEKO/HONEZKERO
Denborazko aditzondook ez dira baliokideak.
Dagoeneko hitzak, inork ikusia edo jakina duelako, ziurtzat jotzen du adierazia. Bulegotik nator, eta Uxue dagoeneko han dago (ziur naiz diodanaz). Tankerakoak dira hauek ere: Hiruretan bazkaldu du, eta dagoeneko hor ari da igerian. Dagoeneko gainean ditugu azterketak. Udan gaude dagoeneko.
Honezkerok, berriz, uste, susmo edo aierua adierazten du; supositiboa da erabat, ziurtatu gabeko ustearen agergarria. Bulegora noa, Uxue honezkero etorriko zen eta (uste horretan nago). Gisa horretakoak dira hauek ere: Gure Antonek honezkero hirurogeita bosten bat izango ditu. *Dagoeneko hasiko zen saio (Honezkero hasiko zen saioa).
Lehenaldiari begira inoiz agertzen den *zegoeneko, berriz, forma guztiz berria da, eta ez da bultzatzekoa: *Dardarka ari banintzen ere, zegoeneko (ordurako/dagoeneko) ez nuen hotzik sentitzen.
Iturria: Euskaltzaindia.eus
Bi ordu eman ditugu lagunen zain, eta honezkero nazkatu gara. | Bi ordu eman ditugu lagunen zain, eta dagoeneko nazkatu gara. |
Zer ordu ote da? Dagoeneko laurak izango dira. | Zer ordu ote da? Honezkero laurak izango dira. |
Jaialdia bukatu da. Honezkero ez dago inor bertan. | Jaialdia bukatu da. Dagoeneko ez dago inor bertan. |