Egunero ikasten delako #4

Erabiltzailearen aurpegia IKA Gasteiz 2024ko ots. 15a, 12:30

Aurten euskararen erabileraren inguruko gomendioak proposatuko dituzte Gasteizko IKAko lagunek. Horrekin batera, beste sorpresa batzuk izango ditugu elkarlaneko atal berezi honetan. Hona hemen laugarren atala:

Zortzi urte amiamokoen bisita jaso gabe gehiegitxo izan dira Zanbranako herritarrentzat, eta esku hartu behar izan dute. Udaberriaren enbaxadorearen zeharkaldiak faltan botatzen dituzte, eta zorionaren hegaztia herrira erakartzeko ondo antolatutako estrategia bat martxan jarri dute.

"Berreskuratu nahi dugu Zanbranan 1989. urtean sortu zen ideia bat. Zikoinaren Eguna ospatu zuten urte horretan, eta plataformak kokatu zituzten elizan eta herriko siloan, amiamokoak erakartzeko", azaldu du Adrian Gonzalo Ingurumen zinegotziak. Gainera, hegazti maitatuak animatzeko, bizilagun bat zikoinez mozorrotu zen, eta kalejira bat egin zuten herrian zehar, txistulariekin. "Biologo bat ere kontratatu zuten, habiak ondo kokatzeko eta arriskurik ez egoteko", gaineratu du Gonzalok.

'Amiamokoei deiadarra', Estitxu Ugarte ALEAn

ERREPARATU HONI

MOZORROTU

Gaur egungo erabileran, <-z mozorrotu> egitura ugaldu da (erabiltzen da Ø mozorrotu egitura ere). Horri dagokion galdera "Nola mozorrotu zara?" da, ez *Zer mozorrotu zara? edo "Zertaz mozorrotu zara?".

Egitura desegokia da hau ere: *Pailazoarena mozorrotu da (Pailazo(z) mozorrotu da).

Nola mozorrotu zara? Nola mozorrotu duzu umea? *Mozorratu forma desegokia da.

Mozorrotu edo 'mozorroa jantzi' adiera beste egitura egoki batzuez ere ematen da, hala nola indio jantzita, indio(-)jantzian, indio-mozorroan, (nola jantzi zara?, nola joan zara(jantzita)?...).

Iturria: Euskaltzaindia.eus


Zer mozorrotu dira herriko haurrak? Nola / zertaz mozorrotu dira herriko haurrak?
Haurrak sorginarena mozorrotu dira. Haurrak sorgin / sorginez mozorrotu dira.
Behin sukaldariaz mozorrotu ginen. Behin sukaldari / sukaldariz mozorrotu ginen.

  Datozen hilabeteetan, ekainaren 28ra bitartean, astero galdera berri bat botako digute IKAko lagunek. Denbora tarte horretan galdera zuzen gehien erantzuten duen lagunak Errigorako saski zoragarri bat irabazteko aukera izango du.
Prest al zaude zure ezagutza frogatzeko? 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago