"Non ote da altxor preziatuena, ordea? Uste baino gehiago dira Araba zabalean. Txanpon ugari biltzen ditu Mairuelegorretako kobak, eta urrezko kanpai bat lurperatu zuten Trespondeko herrixka erromatarrean. Kanpezun, urrezko oiloa gordetzen dute, eta Bernedon, Okinako leizean, animalia mitologikoek urrezko zekor bat zaintzen omen dute, eta antzeko kontakizunak datoz Harana bailaratik eta Birgarabarrenetik ere, Kapildui gaineko hobitik; asko izan dira barruan sartu eta altxorraz jabetu nahi izan dutenak, baina, diotenez, inor ez da bizirik atera handik".
ERREPARATU HONI
-(E)la / (E)na
Adierazpen-perpaus osagarrietako (konpletiboetako) menderagailu ohikoena, -(e)la, bestelako perpaus menderatu batzuetan ere agertzen da (denborazko, moduzko...).
a) Egokiak dira "Lehen aldia zen nik bertsolariak entzuten nituela" eta "badira bi urte zigarrorik erre ez dudala" erako denborazko perpausak (denbora-tartea adierazten dutenak).
b) Okerra da, ordea, honelako erlatiboetan -(e)la erabiltzea:
- Badu lagun bat igeltseroa dela (Badu lagun bat igeltseroa dena).
- Ezagutzen ditut mutil batzuk bizi direla baserri batean... (Ezagutzen ditut mutil batzuk baserri batean bizi direnak / Baserri batean bizi diren mutil batzuk ezagutzen ditut).
c) honako -(e)la hau erdararen kalko nabarmena da:
- Kontuz, bero dagoela! (Kontuz, bero dago eta!).
Iturria: Euskaltzaindia.eus
Lehengusina bat daukat Australian bizi dela. | Lehengusina bat daukat Australian bizi dena. |
Gure lagunak, iaz haurrak eduki zuela, horixe esaten du. | Gure lagunak, iaz haurrak eduki zuenak. |
Ez ibili irristailuekin, eroriko zarela! | Ez ibili irristailuekin, erori egingo zara eta! |