IKA euskaltegiarekin elkarlanean arituko da ALEA aurrerantzean. Egunero ikasten delako izenburupean, astero gure hizkuntzan trebatu eta hobetzeko zenbait gomendio proposatuko dituzte IKAko lagunek; bai eta, horrekin batera, asteko galdera bat ere, gatz apur bat gehitzeko asmoz.
Lehiaketa formatuan parte hartzeko aukera egongo da, modu irekian, ALEAren webgunean ostegunero argitaratuko dugun albistean edo lehiaketen atal berezian sartuz gero. Ekainera bitartean, astero, euskararen erabilera zuzenaren inguruko galdera berri bat proposatuko dute IKAtik.
Ekainaren 28an amaituko da lehiaketa, eta ordura arte erantzun zuzen gehien eman dituen pertsonak (gogoratu beti izen berberarekin parte hartzea) Errigorako saski paregabe bat irabazteko aukera izango du.