"Planetako etxekogizonik txarrena, pisuan, koadroak baino gehiago, posterrak dauzkat, eskulanetan ez murgiltzeko. Txikle urdina hartu eta mapa horman jarri nuen, telebistaren gainean. Gainera, zerbait behar nuen hutsune hori betetzeko! Hori ere azal-azaletik esan nuen eta lagunak hartu zuen kontuan...? Dotore geratu zen. Nire etxetxoan ez dago 3Dko erraldoiak jartzeko aukerarik. Begira geratzen nintzen, ase, pozik... erori zen arte. Oihalezkoa da eta grabitateak bere lana egin zuen.
Kontraesana dirudien arren, batzuetan alferrok ziztu bizian aurkitzen ditugu ustekabeko konponbideak… arazoak ez pilatzeko. Amen batean ikusi nuen mahai baxua neurri berekoa zela. Eureka".
ERREPARATU HONI
Plural hurbila. Hurbiltasuna adierazi nahi denean erabiltzen da, eta -o- artikulua da horren adierazpidea. Ni edo gu aurkitzen garen (edo zu/zuek zareten) multzoa da betiere hurbiltasunaren erreferentzia, hala ni/gu talde barnean gaudelako, nola aipagai dugun taldea aurrez aurre dugulako. Hemen gaudenok ez dugu ezer ikasi. Etxeok politak dira (= (Honako) etxe hauek politak dira). Etxeon kolorea ≠ etxeen kolorea.
Plural hurbila eta erreferentzia kataforikoak. Zalantza sor daiteke zein artikulu (-o- ala -e-) ote den egokiagoa honako erakuslea erabiliz gero, adibide hauen gisakoetan: honako erabakiekin / honako erabakiokin / honako erabaki hauekin.
Lehenengo adibidea zuzena bada ere, bigarrenaren eta hirugarrenaren alde egiten dute estilo-liburuek: honako erabaki hauekin / honako erabakiokin.
Zuontzat guztiontzat (*zuen guztiontzat). Horrelako egituretan biak deklinatu behar dira, plural hurbila ere jarririk. *Zuen guztiontzat ekarri dut / Zuontzat guztiontzat ekarri dut.
Iturria: Euskaltzaindia.eus
Agintariok adierazi dutenez, gutxieneko soldata igo egin da. | Agintariek adierazi dutenez, gutxieneko soldata igo egin da. |
Irakurleok poz-pozik jasotzen dute aldizkaria astero. | Irakurleek poz-pozik jasotzen dute aldizkaria astero. |
Denok ados agertu ziren. | Denak ados agertu ziren. |