1
Garai bateko Gasteiz txikian
gure hizkuntza nagusi zen,
handi-mandien eragin pean
bazterrean gelditu zen.
Noizbait kitto izua
ez zen itzali sua
eta hasi ginen altxatzen
besteak beste elkarrengana
Geroa Elkarrekin Lantzen. (ber)
2.
Ezer baino lehen sortu genuen
GEU GASTEIZ aldizkaria,
Gero GEUREKIN MENDIRA ere
zer nolako oparia!
Batetikan bestera,
hamaikatxo bilera,
erditzeko geunden ia….
Goiz eder batez GEU elkarteak
Ikusi zuen argia. (ber)
3.
Lehenik hitzaldi, bertsoaldien,
kantaldien arrimura
antzerkirako deskontuak ere
jarriz askoren eskura.
Betiko gure helmuga
indartzea kultura,
liburuzaleen bilkura,
hogei urteak beteak ditu
Gasteizko Irakurle Kluba(k). (ber)
4.
Ez da euri gutxi egin duena
hasiera hartatik honuntza.
familiekin egindakoa
soilik al da jolas hutsa?
ALEA dugu astero
Ia bost urtetan edo,
ez da zakurraren putza.
Hamaika gaztek jasoa dute
aisialdiko formakuntza. (ber)
5.
Taldeka indartsu hasi zen sortzen
GASTEIZKO MINTZALAGUNA,
pandemiak gogor jo zuen arren
inola hil ez diguna,
kaleetan, tabernetan
Gasteizko txokoetan
mingain askoren jarduna,
hiztun berri askok indartzen dute
gure Gasteiz euskalduna. (ber)
6.
Gure inguruan hainbat ekimen
hartua dute tokia,
Landatxo aldean Oihaneder bat
sortzea ez zen utopia.
Horren ondorengoa,
badator hurrengoa,
euskal kultur biltokia,
urte amaieran irekitzear
baita KAFE ANTZOKIA. (ber)
7.
GEUko langile eta hamaika lagun
hiru hamarkada hauetan
aipatu gabe utzi ditugu
mota askotako lanetan.
Gaur jai giroa lagun,
goraipatu ditzagun
lana eginez Jaietan
Txosnan sutsuki ari direnak
beude gure txaloetan. (ber)
8.
Urte hauetan joan da indartzen
hezkuntzan D eredua,
gazteriaren zati handi bat
gaur egun da euskaldundua.
Ez da euskalduna baina
gazte askoren mingaina,
hortxe dago trabatua,
Euskal Herriko eragileok
badugu zer hausnartua. (ber)
9.
Nahiz pandemiak ez zigun jarri
orain bi urte oso erraz
EUSKARALDIAN izen ematen
Nola ez gara izango kapaz?
Belarripresten rola
Ahobiziek nola,
biek damaigute arnasa
guk errazago eta lasaiago
egin dezagun eukaraz. (ber)
10.
Hiru hamarkadaz GEU elkartean
lana izan da oparoa,
baina nahi bada izan dezagun
Gasteiz euskaldunagoa
agintarien lana,
eurekin elkarlana
izan bedi handiagoa
Erakundeek izan ditzaten
ausardia eta gogoa. (ber)
11.
Urte gutxitan Gasteizek hartu
du aniztasunaren trena,
hainbat hizkuntza entzuten dira,
koloretsua da dena.
Ez da erronka makala,
Zein da gure ahala
eta barruko kemena
izan dezagun euskara denok
elkartuko gaituena? (ber)
Xabier Rico Iturriotz