GEUk 30 urte: erein, errotu, hazi eta loratu

Mikel Buruaga 2022ko urr. 1a, 23:30

30 urteko ibilbidea ospatu eta bere komunitatea bildu du GEU Elkarteak, GEU 30 Fest ospakizun egunean. Ibilaldia, Irakurle Klubaren 20. urteurrena, Irrien Lagunak, dastaketak, kalejira, bazkari herrikoia, bakarrizketak, dantza plaza eta Zetak taldearen kontzertua izan dituzte.

1992. urtean errotu zenak hazten jarraitzen du 2022. urtean. Gasteiz euskalduntzeko xedearekin jaio eta 30 urte bete ditu aurten GEU Elkarteak; euskaldun askoren ilusio eta borondateari esker egin du aurrera, eta herritar guztiekin ospatzeko egitaraua prestatu dute larunbat honetarako, urteurrena ospatzeko.

Ostegunean, GEU Elkartearen eta "GEUre euskararen" historiari buruzko Geure euskararen historia 1992-2022 erakusketa aurkeztu zuten, Montehermoso Jauregiko Jovellanos aretoan, luntx batekin lagunduta; urriaren 30era arte bisitatu ahal izango da.

Horren ostean iritsi da ospakizun nagusia: GEU 30 Fest jaialdia. 10:00etan, GEUrekin Mendira eta Mintzako lagunen ibilaldia abiatu da Arka plazatik, eta Zabalganako basoa, Armentia eta Olarizu lotu dituzte Eraztun Berdearen ibilbidetik. 11:00etan, Igandeak jai dinamikaren barruan, Irrien Lagunak-ek txikientzako Elkartasun jantokia ikuskizuna eskaini du Aldabe gizarte etxean, leporaino betetako areto batean.

11:30ean, Ignacio Aldekoa Kultura Etxean ospatu dute Gasteizko Irakurle Klubaren 20. urteurrena: Karmele Jaio, Rikardo Arregi eta Edu Zelaieta idazle gasteiztarrek beren liburu kuttunenei buruz hitz egin dute, bertaratutakoekin solasean; ondoren, klubeko koordinatzaile Iban Zalduak hitza hartu du. Gainera, bi hamarkada hauetan jorratu dituzten liburuen erakusketa bat inauguratu dute. Amaieran, luntx bat egin dute, eta 2022/2023 ikasturteko egitaraua aurkeztu.

Bitartean, jai giroa Alde Zaharrera iritsi da 12:30ean. Hasteko, ardo eta garagardo dastatzeak egin dituzte, Kutxiko Errexala elkartean eta Errementari kaleko Gautxori elkartean. Ondoren, bazkalaurreko kalejira bat egin dute Kutxi kalean gora, Fariñasetik abiatuta. 14:30ean, herri bazkaria egin dute Auzolana Pilotalekuan.

Bazkalostean eta gaueko kontzertuaren aurretik, festak Falerina Lorategian jarraitu du: 18:00etan, Luze eta Motz, Mirari Martiarena eta Idoia Torregarairen sei bakarrizketa, euskara eta generoa umoregai hartuta; 19:30ean, berriz, dantza plaza, Azido Folkloriko taldearen eskutik.

Egun osoko egitaraua Zetak taldearen kontzertuarekin borobildu dute (sarrerak agortu dira), 22:30etik aurrera Jimmy Jazz aretoan.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago