Sindikatuen afiliazioak askotarikoak izaten dira, pertsonak sindikatu baten baitara biltzen dituzten arrazoiak beste. Horrela, CCOOn eta UGTn euskara ikasten ari diren edo ikasi duten pertsonak ere badaude, asko administrazio publikoan lanean ari direnak. Beraz, sindikatuek hizkuntza eskakizunen kontra egiten duten bakoitzean, aldi berean beren afiliatu batzuen interesen kontra egiten dute. Zergatik aukeratu dute afiliatu erdaldunen eskubideen alde borrokatzea, afiliatu euskaldunen kaltetan?
Gauza jakina da karrera profesionala administrazio publikoan egitea aukeratu duten pertsonek beren burua ahalik eta puntu gehien lortzeko trebatu ohi dutela, besteak beste, euskara ikasiz. Badirudi sindikatuok kualifikazio baxueneko pertsonen alde egiten dutela, nahiz eta estrategia horrek, ezinbestean, zerbitzuaren kalitatean eragin. Ezin esan zerbitzu publikoen defentsan ari direnik, herri honetan, euskara eta kalitatea eskutik baitatoz.
Ikusiko al ditugu emakumeentzat erreserbatutako lanpostuen aurkako helegiteak babesten, gizonek lanpostu publikoa eskuratzeko duten eskubidea urratzen dutelakoan? Edo Berdintasuna Denontzat izeneko plataforma batean emakumeen aldeko neurri positiboen aurka protesta egiten? Jarduteko modu horiek guztiak euskararen aurka egiten diren mugimenduen ezpal berekoak lirateke: gutxitua izan denari tokia egiteko asmoa duten politika publikoen aurkakoak.
Kataluniako CCOOk eta UGTk iritsi berri diren langileen artean katalanaren ezaguera bultzatzeko ikastaroak antolatzen dituzte. Hain zuzen, euskalgintzak euskararentzat defendatu duen ikuskerarekin bat eginez. Han posible bada, hemen zergatik ez? Korrikak berriro ere frogatu du euskarak herri honetako biztanle guztiak bere baitan har ditzakeela. Batzuek ikusarazi nahi dutenaren kontra, arazoa ez baita euskara.
Gure Lopez de Arbina.
Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.