Iritzia

Pertsonak kapital

Erabiltzailearen aurpegia Gure Lopez de Arbina 2025eko azaroaren 9a

Argazkia: HATORTXU ROCK

"Konpromisoa eta borondatea saretzen asmatzen denean, emaitzak ikusgarriak dira"

Daitort Hatortxu Rocken ibili ginela, gazteak bagina bezala, baina gure adinekoen martxan. Badakit azaroan gaudela eta uztaileko kontuak urrun geratzen zaizkigula, baina jaialdiaren beraren helburuaz harago, esperientziak ikaskuntza interesgarriak utzi zizkigun.

Iritsi orduko, atentzioa ematen zuten azpiegituran, teknologien erabileran eta segurtasun neurrietan egindako inbertsioek. Zutabe hau motz geratzen da jaialdiak teknikoki eman zuen jauzia deskribatzeko. Ez, ez da derrigorrezkoa jauzi hori ematea, baina garrantzitsua da jakitea herrigintzak estandar hori betetzeko gaitasuna baduela horretara iritsi nahi izanez gero.

Emakumeentzat espazio seguruak sortzeko ahaleginean hamarnaka emakume ikus zitezkeen seinale morea bizkarrean, erraz identifikatzeko moduan, behar izanez gero laguntza eskatu ahal izateko. Neska saldoa ibili zen Hatortxun. Ez dakigu segurtasuna bermatzeko lan egiten den espazioetan emakumeek gehiago parte hartzen duten edo espazioak seguruagoak diren egun emakumeek betetzen dituztelako; seguraski biak batera gertatzen dira. Kontua da herrietako jaietan emakumeen segurtasuna bermatzeko protokoloak osatzeko ideiak badaudela, eta protokolo horien irismena hedagarria dela, eraso arrazisten aurka, adibidez.

Herrigintzaren kapital ia bakarra eta baliotsuena pertsonak dira, baita Hatortxu Rocken ere. Gasteiztik IruÒerako errepidean ekainetik ikus zitezkeen gora bidean karpak eta egitura metalikoak. Ehun pertsonak baino gehiagok eman zuten jaialdia hasi aurreko astea Sakanan prestatutako aterpeetan lotan, antolakuntzan buru-belarri aritzeko. Jaialdiak iraun bitartean, milaka lagunek egin zuten txanda.

Proiektu batek pertsonen konpromisoa eta borondatea saretzen asmatzen duenean, emaitzak ikusgarriak dira. Gorka Urbizuk esan zuen: herri txikia gara, baina ez gara herri eskasa. Proiektuak, pertsonak eta konpromisoa baditugu, beraz, ametsak egia bihurtzeko moduan gaude.

Gure Lopez de Arbina.

 

Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago