Iritzia

Utopiarako aurreikuspenak

Erabiltzailearen aurpegia Gure Lopez de Arbina 2025eko maiatzaren 11

Arg: PIXABAY

"Utopia batzuk urrun daude, baina beste batzuk urrun nahi izaten ditugu"

Utopia gardenak nahi izaten ditugu, ama birjinak bezain aratz eta garbiak. Baina utopiarako bidea lohia da, zaratatsua, kontraesanez betea eta tarteka inoren izerdiaren kontura eraikia. Trazu potoloari erreparatuta, utopiek antzekoak dirudite, baina xehetasunei erreparatzen badiegu, pertsonak bezala, ez daude bi berdin. Etorkizunean kokatzen ditugu, nahiz eta batzuek antzinako denborak idealizatzeko ajea izaten duten.

Sarri, utopien idealismoa eta aurreikuspenen errealismoa nahasten zaizkigu, eta ez dugu asmatzen desioen eta aukeren arteko korapiloa askatzen. Aurreikuspenei nola begiratzen diegun, ezkortasunaren beldurrez edo baikortasunaren itxaropenez, aurrera egiteko estrategia erabat desberdinak sortuko ditugu. Azken batean, egon daitezke antzeko utopiak irudikatzen dituzten pertsonak, etorkizun desberdinak aurreikusteagatik proiektu dibergenteak proposatzen dizkigutenak.

Eduardo Galeanok utopiaren deskribapen ederra egin zuen, ustez gerturatzen ari garenetan ere, utopiaren ortzi-muga beti urrutian. Izan ere, utopia batzuk urrun daude, baina beste batzuk urrun nahi izaten ditugu. Etxebizitza eskubidearen gauzatze unibertsalaren aldekoak gara denok, baina ez dira gutxi pobreentzako etxebizitzak etxetik urrun nahi dituztenak. Berdin gertatzen da energia sortzeko iturriekin ere, energia sortzea zikina baita.

Berriztagarrien utopia trabatu zaigu azkenaldian. Energia berriztagarriek ondorio ez-berriztagarriak dituzte –nork esan behar zuen–, eta ez ditugu ondorio horiek gurean nahi. Badira proposamenak, baina uste dut denei falta zaiela zein testuingurutan ernatu ziren partekatzea. Halako hitzaurre bat, bakoitzak zintzotasunez azal dezan etorkizuna nola irudikatzen duen, jendartean proposamen guztiak perspektiban baloratzeko aukera izan dezagun; iparrorratzek antzeko utopietarantz jotzen dutela, Galeanoren poeman bezala, aurrera egiteko.

Gure Lopez de Arbina.

 

Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago