Lagun baten aita zendu da orain gutxi. Jaioak heriotza zor, dio esaera zaharrak, eta bizirik zegoelako hil zen, gure aitak. Naturaren legea izanagatik ere, espero ez dudan bisitariarekin tupustean estropezu egingo banu bezala, heriotza harrigarria zait beti, baita aurreikus daitekeenean ere.
Agurraren zeremoniaz idatzi nahi nuen, dakarren elkar zaintzeko giroaz, maite ditugunen saminak gu hunkitzeko moduaz, egoera zaurgarrian lanera itzuli beharraz. Zaila da doluz dagoenaren azalean jartzea. Nola litzateke lagunaren aita beharrean nirea balitz? Pentsatze hutsak gorputza gogortu egiten dit. Maite ditudanei hiltzea debekatuko nieke, irekiko luketen amildegi bakoitzaren ertzean sentitu behar ez izateagatik. Hemen espoilerra: denok hilko gara. Hala izanda, ez al da harritzekoa bizitzan gertatuko zaigun gauza seguru bakarrerako zer gutxi prestatzen dugun geure burua?
"Ez al da harritzekoa bizitzan gertatuko zaigun gauza seguru bakarrerako zer gutxi prestatzen dugun geure burua?"
Saiatu izan naiz nire agurra irudikatzen. Ez dakit niri bakarrik otu zaidan edo fantasia arrunta den. Nor etorriko litzateke? Nolakoak lirateke agur hitzak? Inor pulpitura igoko al litzateke niri buruzko maitasun hitzak esatera? Irudimen ariketa honek badu handiuste puntu bat, daitort, hileta-errituek, hildakoen alde baino, bizirik daudenen sostengurako behar bailukete. Askotariko pertsonak badaude, bakoitzak fantasia desberdina beharko luke. Zinez, negozio-aukera bat ikusten dut erritualen pertsonalizazioan.
Alabaina, horretarako, lehendabizi, hil beharrarekin adiskidetu beharko genuke. Gure amaren osaba batek, ondo onartua zuen patua. Herio gertu zeukala igarrita-edo, galtzerdi gorriz lurperatua izatea eskatu zuen.
-Galtzerdi gorriz?
-Bai, galtzerdi gorriz.
-Zer dela eta?
-Hilobia hustean denen artean ni nor naizen jakin dezazuen.
Alabak egindako puntuzko galtzerdi gorriak jantzita ehortzi zuten.
Gure Lopez de Arbina.
Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.